Oikiako hondakin urak Zumaiako araztegira eramateko pausoak ematen hasi da URA agentzia

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 23a, 09:39

Oikiako hondakin urak Zumaiako araztegira eraman ahal izateko kolektore bat egingo dute. Kolektore hori egiteko proiektuaren idazketa lizitatu berri du URA agentziak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen URA-Uraren Euskal Agentziak Oikia auzoko hondakin urak Zumaiako araztegira eramatea ahalbidetuko duen proiektua lizitatu du. Aurrekontuan 72.650 eurokoa da, eta proiektua gauzatzeko epea bost hilabetekoa. 

Ur horiek Oikiatik Zumaiara eramateko, Korta industrialdean dagoen kolektorera eramango dira. URA agentziak azaldu duenez, ur isuriak puntu bakar batean bilduko dira Oikian, eta handik Korta industrialeko saneamendu sarera eramango dira kolektore baten bidez. Etorkizun batera begira, azpiegitura berdimentsionatzea ere aurreikusten da, Aizarnazabalgo urak ere Zumaiako araztegira eramateko. 

Lan hauek gauzatzen direnean, Urolaren beheko zatiak eta Arroaerreka ibaiadarrak jasotzen duen "karga kutsatzailea" murriztuko dela epsero du agentziak. "Beraz, jarduketak uren egoera ekologikoa nabarmen hobetzeko baldintzak sustatuko ditu", esan du agentziak.