Irakur daiteke Zumaiako Energia Estrategiari buruzko txostena

Iaz energiari buruzko azterketa egin eta gero, Zumaiako Udalak trantsizio energetikoaren gaiari helduko dio Aldaketa garaia da' izenburupean antolatutako jardunaldiekin. Bihar, asteartea, izango da lehen saioa, 18:30ean, Aita Mari zineman.

Zumaiako Udalak energiari buruzko azterketa egin zuen iaz, eta irakurgai dago jada txostena -hemen irakur daiteke-. Lan horretan herri mailan dauden gabeziak identifikatu, eta "hobetzeko bideak" jaso zituen erakundeak. Gainera, "zenbait erronka eta bideorri bat" zehaztu dituzte bertan: kontsumoa murrizteaz gain, bertan ekoizteko beharra nabarmendu dute azterketan. Hain zuzen, Aitor Ossa energia teknikariak egin du ikerketa. 

Zumaiako Udalak dio, behin azterketa eginda, "etorkizunera begira" jarri, eta energiaren gaiari helduko diola. Bide hori herritarrekin batera egin nahi du, eta horretarako, energiaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu udalak. Hala, bihar, otsailak 23, hasita, trantsizio energetikorako gakoak izango dituzte hizpide hiru saiotan. Herri mailan sor daitezkeen alternatiben inguruan sakontzeko aukera ere izango da.

Energiari buruzko jardunaldiak, bihartik aurrera

Bihar, asteartea, hasiko dira energia trantsizioari buruzko Aldaketa garaia da jardunaldiak. Lehenengo solasaldian Euskal Herriko Unibertsitateko EKOPOL ikerketa taldeko Iñaki Barcena ikerlariak trantsizio energetikoaren inguruko oinarriak azalduko ditu.

Bigarren solasaldia martxoaren 2an izango da, eta energia politikekin lotuta udalerrietan dauden esperientziekin izango du lotura. Lehen zatian Aitor Ossa Rissanen energia teknikariak Zumaiako Udalarentzat egindako Zumaiako Energia Diagnostikoa aurkeztuko du. Bigarren zatian, Garestik (Nafarroa) etorritako gonbidatuak izango dira, bertako energia sorkuntza proiektuaz aritzeko.

Hirugarren eta azken solasaldia martxoaren 9an izango da. Solasaldi horretan, Zumaian bertan energia berriztagarria sortzeko planta fotoboltaiko eta energia komunitate kooperatiba proiektu berria aurkeztuko dute. Mondragon Kooperatibako Krean taldeak Zumaiako Udalarekin elkarlanean garatuko duen proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu. Udalak dioenez, "Zumaian energia berriztagarria sortzeko bidearen lehen pausoa izango da proiektu hau, eta herritarrek parte hartuko dute bertan".