Zumaiako bi haurreskoletatik batek egin du bat partzuergoaren greba deialdiarekin

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 22a, 12:30

Haurreskolen partzuergoak greba egunak deitu ditu aste honen hasierarako. Gaur hasi eta asteazkenera bitartean izango dira greba egunak. Zumaian dauden bi haurreskoletatik batek egin du bat greba deialdiarekin, eta besteak ez. 

Bost eguneko greba deialdia egin zuten LABek, Steilasek eta ELAk pasa den urtarrilean. Lehen bi egunak urtarrilean bertan egin zituzten, hilaren 25ean eta 27an, hain zuzen ere. Beste hirurak aste honetan egingo dituzte: gaur, bihar eta etzi.

Sei dira deialdi hau egiteko sindikatuen aldarrikapenak: Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean integratzea, akordioak errespetatzea eta betetzea, lan hitzarmen berria negoziatzen hastea, lanpostuak egonkortzea, Haurreskolak partzuergoko langileei ere Osakidetzak Norbera Babesteko Ekipamenduak ematea eta aurrekontua handitzea. 

Greba egunen bigarren txanda honetan Zumaian dauden bi haurreskoletatik batek egin du bat deialdiarekin, Arrangoletak, hain zuzen ere. Gutxieneko zerbitzuak ari dira eskaintzen eskola honetan. Beste haurreskola, berriz, Aita Mari auzuneko Eskola-txikia, normaltasunarekin ari da lanean.