Gaurtik aurrera organikoaren eta errefusaren edukiontziak txartel bidez zabalduko dira

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 22a, 11:25

Aurretik Getarian, Aian eta Orion egin zen bezala, errefusaren eta organikoaren edukiontziak itxiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak Zumaian. Gaurtik aurrera txartela erabili beharko da bi edukiontzi horiek zabaltzeko. 

Txartel bakoitza etxebizitzari dagokio, eta soilik irekitzen ditu norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak, UKUEk ohar baten bidez gogoratu duen bezala. Txartela galdu edota hondatuz gero, berri bat eskuratu ahalko da udaletxean edo Udal Elkartean.

Zumaiako Udala

Txartelaren inguruko gorabeheraren bat izanez gero, herritarren eskura dago Hondakinak Biltzeko Zerbitzuaren informazio eta arreta zerbitzua:

Urola Kostako Udal Elkartea, Hondakinak Biltzeko Zerbitzua

Erantzukizuna

Edukiontziak zabalik egon diren hilabeteetan erabilera desegokiak atzeman izan ditu UKUEk. Zentzu horretan, Udal Elkarteak eta Zumaiako Udalak gogorarazi nahi die herritarrei hondakin frakzio bakoitza dagokion edukiontzian uzteko betebeharra. Bestalde, nabarmendu du erabat debekatuta dagoela hondakin poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea. 

Ildo horretan, Udal Elkarteak herritarren kontzientziazioan eragiteko zenbait ekintza bideratuko ditu aurrerantzean. Esaterako, edukiontzien kanpoaldean utzitako hondakinei, zein dagokion egunetik kanpo kalean utzitako hondakin handiei pegatinak jarriko zaizkie. Eta herrian informazio-totemak ere jarriko dira (Aian, Getarian eta Orion egin bezala) herritarrei hondakinen gaikako bilketaren garrantziaz sentsibilizatzeko helburuarekin.