Erkibe elkarteak 'Itzalpeko emakumeak' erakusketa antolatu du

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 22a, 08:27

Tolosako Aranburu Jauregian dago ikusgai ostiraletik; hango udalaren eta aldundiaren babesa jaso du lanak. Erakusketaren helburua "XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak ezagutarazi eta omentzea" da. Joseba Esnal eta Belen Ibarrola elkarteko kideek eman zituzten xehetasunak irekiera ekitaldian.

Itzalpeko emakumeak izenburupean, "XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak ezagutarazi eta omenduko dituzte" Tolosako Aranburu Jauregian. Erakusketa Erkibe elkarteak antolatu du, eta ordezkari zumaiarrek irekiera ekitaldian parte hartu zuten, ostiralean. Joseba Esnal eta Belen Ibarrola elkarteko kideek eman zituzten xehetasunak, Tolosako alkate Olatz Peon, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendari Ion Gambra, eta Sabino Arana Fundazioko presidente Mireia Zarate lagun zituztela.

Lan honek, izan ere, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren babesa izan du, eta Sabino Arana Fundazioaren laguntza.

Prentsaurrekoan azaldu zuten Euskal Herriko emakumeek 1936ko gerran eta ondoren jasandako gehiegikeriak eta bortizkeria ezagutzera emango dituela erakusketak. "Baldintza gogor haietan gizarteko hainbat alorretan gailendu ziren emakumeen ekarpena ere azaleratuko du", gaineratu zuten. Esnalek eta Ibarrolak azaldu zutenez, erakusketaren helburua da “isilpean egon diren emakumeen aurpegi, ahots, balore eta eginkizunak berreskuratu eta jendarteratzea”, baita gizonezko eta emakumezkoen “berdintasunaren bidean, jendartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea” ere.

Abangoardia

"Euskal emakume askok 1936ko gerrako gehiegikeria eta frankismoaren aldekoek eragindako indarkeria pairatu zuten eta, hala ere, errepresio eta menpekotasun giro hartan, zenbait emakumek lan handia egin zuten: batzuk politikagintzan eta erresistentzian, beste batzuk kultur arloan, euskararen aldeko lanean, gizarte zerbitzuetan eta abar", esan zuten.

Erkibekoek azpimarratu zuten emakume haien artean badirela "euren esparruan aitzindariak izan zirenak, abangoardia izan zirenak, euren ideia politiko eta sozialekin erabat konprometitu ziren emakumeak. Batzuk  erbestea ezagutu zuten, bonbardaketengatik eta ezarri zituzten arau inposatzaileetatik ihesi. Beste batzuk, fusila bizkarrera bota eta guda-zelaiara joan ziren. Erretagoardian erizain lanetan aritutakoak, erresistentzia antolatu zutenak, klandestinitatean ere diktaduraren aurka aritu zirenak, edota eguneroko borroka txiki eta handiak aurrera eraman zituztenak. Hauek guztiak dira ekimen honen arima, erakusketa honen bihotza", nabarmendu zuten.

Lana martxoaren 10era arte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era.