"Mugak kapitalarentzat" aldarrikatu dituzte, eta "zubiak herri eta pertsonentzat"

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 21a, 16:30

Aste batzuk barru egingo da bosgarrenez Emakumeen Mundu Martxa, eta horrekin bat eginez, giza katea egin du hainbat herritarrek kaleetan zehar. Beheko plazatik abiatu, Errigoratik segi, eta bi zubietan egin dute geldialdi sinbolikoa. Emakumeen zapalkuntzan eta arrazismoan jarri dute azpimarra hasieran irakurritako mezuan.

Beheko plazan, musika alaia lagun elkartu da hainbat herritar –andrazkoak gehien-gehienak– gaur eguerdian, Emakumeen Mundu Martxarako oihala prestatzeko aurrena, eta gero, herrian zehar giza katea egiteko. Pankartak honela zioen: Zubi guztien gainetik, mugarik ez! transnazionalik ez!. Aldarrikapena hasi aurretik irakurri duten manifestuan, berriz, antzeko ideia bat azpimarra zitekeen, baina pankartakoa baino borobilagoa: "Izan daitezela mugak kapitalarentzat, eta zubiak herri eta pertsonontzat", irakurri du antolatzaileetako batek. Besteak zera erantsi du: "Irauteko, eusteko bizi gara, eta bidea egiten dugu eraldatzeko".

"Emakumeen Mundu Martxak antolatzen duen V. Nazioarteko Ekintza da aurtengoa. Emakume izateak batzen gaitu, emakume izateagatik era askotako indarkeriak jasan behar izaten ditugulako, eta emakumeon bizitzak zeharkatzen dituzten gaiak aztertu nahi izaten ditugu nazioarteko ekintzetan, inork inor zapalduko ez duen mundu batean bizi nahi dugulako, eta zapaltze hori, zapaldua izate hori non eta nola gertatzen den aztertu beharra daukagulako", azaldu dute.

Autokritika eta hausnarketarako deia

Autokritikarako tartea ere egin dute irakurketan. "Euskaldunok badakigu zer den zapalduak izatea, baina aztertu beharko dugu gure begirada zenbateraino den eurozentrikoa. Emakumeok badakigu zer den zapalduak izatea, baina emakume zuriok aztertu beharko dugu gure zuritasuna. Aztertu beharko ditugu denok gure pribilegioak".

"Gure gobernuek transnazionalei laguntzen diete, eta nahikoa da. Atzerritartasun Legeek pertsonak arrazializatzen dituzte, eta nahikoa da. Gure politikek pobrezia, arrazismoa eta zapalkuntza bultzatzen dituzte,  eta nahikoa da". Horren aurrean, azpimarratu dute ez dutela konplize izan nahi. "Ikus dezagun non gauden zapalduak, eta hortik bultza egin, gure gainean jarrita daudenak hortik botatzeko. Ikus dezagun non ditugun pribilegioak, eta hortik eragin, sisteman arrakalak sortzeko".