Zortzi itsas animalia artatu zituzten iaz eskualdeko kostako herrietan

Mireia Galarza Bastida 2021ko ots. 21a, 12:09
Artxiboko irudian, itsas txakur bat Mutrikun (Lea-Artibaiko Hitza)

Orotara, 27 animaliaren lehorreratzeak artatu ditu 2020an Euskadiko Lehorreratzeen Sareak Gipuzkoan, horietako zortzi inguru hauetan: bat Orion, hiru Zarautzen, eta lau Getarian. Zumaian ere esku hartzea ohikoa den arren, iaz ez zuten bakar bat ere egin.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta itsas faunaren ikerketa eta babeserako Ambar elkarteak argitaratu berri duten txostenaren arabera, 2020. urtean itsas animalien 41 lehorreratze artatu ditu Euskadiko Lehorreratze Sareak EAEko kostan, horietatik 27 Gipuzkoan. Euskadiko Lehorreratze Sarea boluntario zientifikoz dago osatuta, eta beraien helburua da Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean lehorreratzen diren zetazeoei, itsas txakurrei, marrazoei eta itsas dortokei laguntzea. 

Urola Kostari dagokionez, zortzi artatzen egin zituzten iaz: lau Getarian, hiru Zarautzen eta bat Orion. Txostenaren arabera, urtean 30 eta 40 lehorreratze inguru gertatzen dira Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, gehienak abendutik apirilera bitartean, haizea eta denboraldien eraginez.

Txostenak dioenez, horietako gehienak Zarautzen, Zumaian eta Donostian (Gipuzkoa) eta Getxon eta Sopelan (Bizkaia) gertatzen dira. Izan ere, kontuan hartu behar da hondartzaren tamaina, horrek baldintzatzen baitu irisgarritasuna eta bertatik igarotzen den jende kopurua. Txostenaren arabera, kostaldeko kilometro irisgarriak eta udalerri bakoitzeko biztanleen kopurua ere kontuan hartu behar dira, baita herri bakoitzean egon daitekeen boluntario kopurua ere. 

Artatutako animalia motari erreparatuz gero, gehienak itsas txakurrak eta zetazeoak dira. Txostenaren arabera, lehenengoak neguan agertzen dira gehienetan, eta besteak, aldiz, urte osoan zehar. Lehorreratze Sareak dionez, marrazoen eta bestelako arrain handien eta itsas dortoken lehorreratzeetan ere lagundu izan ohi dute, baina kasu horiek “anekdotikoak” direla gaineratu dute. 

Urte luzez lanean

Lehorreratze sarea mantentzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ambar elkarteak 2017an hasi zuten lankidetza. Harrezkeroztik, elkarteak dio boluntario sare “sendoagoa eta egonkorragoa” lortu duela, eta hala iritsi direla gaur egungo egoerara. Izan ere, beraien hitzetan “ia bikoiztu” egin dira erantzuna jasotzen duten lehorreratzeak. 

Ambar itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkarteak 20 urte daramatza euskal kostaldeko lehorreratze sarea zenbait helbururekin mantentzen, hala nola, itsas fauna epe luzean ezagutzea, boluntarioak eta interesdunak prestatzea, ingurumen sentsibilizazioa eta hezkuntza, edo lehorreratzeen arloko kudeaketa eta aholkularitza.