Jexux Eizagirre Portillo: “Ipuin denetan dago bizitzaren aldeko apustua”

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 20a, 10:55

Bizitzeko irrika. Hango eta hemengo ipuinak, motxetik hasita liburua argitaratu berri du Jexux Eizagirre Portillok (Zumaia, 1948). Ipuinak eta kontakizunak bildu ditu zumaiarrak, bere erara moldatuta. Liburua salgai dago herriko liburu denda batzuetan.

“Eizagirre asko dago, baina Eizagirre Portillo gutxi izango gara munduan”, dio umoretsu liburuaren egileak. Goiz horretan bertan pozez bete duen mezu bat jaso du, eta gustura dago. “Telmo Iruretaren mezu bat jaso dut esanaz asko gustatu zaiola liburua. Horrek bete egin nau”.

Zein da liburu honen sorrera?

Lehen konfinamendu gogor hartan, etxetik ateratzerik ez zegoenean, okurritu zitzaidan ipuinak idazten hastea. Batzuk etxean entzundakoak dira, besteak lagun batzuen bidez jasotakoak, eta beste batzuk han eta hemen aurkitutakoak. Ipuin horiek idazten eta bidaltzen hasi nintzen. Pako Eizagirre Irureri, Gasteizen bizi den lagun bati, gustatu zitzaizkion eta bere kabuz ipuinen audioak egin zituen; audio horiek guztiak eginda daude. Hernanin bizi naiz urtean zehar, eta hango neska batek gaztelerara itzuli eta haien audioa egin zuen. Eskola batzuetan landu dituzte ipuin hauek, eta hauetako bat Baleiken argitaratu zenuten Eizagirre Irurek egindako audioa, alegia. Jendeak esaten zidan ea zergatik ez nituen ipuinak argitaratzen. Kapritxo bat izan liburua argitaratzea, eta horien audioa [QR kode bidez] jendeari eskaintzea.

Nola sailkatu duzu liburua?

Ipuin motxekin hasi naiz. Horregatik dio liburuaren izenburuak motxetik hasita dela. Motxenak letra handiz daude, umeek ikastolan letra mota honetan ikasten dutelako irakurtzen eta ikasten. Luzeagoak letra etzanean daude. Gero, hikan idatzita daude. Badaude bi ipuin komentatu nahiko nituzkeena. Bat Etiopiakoa da, Meseletch, eta ez du bukaerarik. Beno, nik nahita ez diot bukaerarik eman, nahi dudalako irakurleak ematea bukaera hori. Ikastola batean landu dute, eta funtzionatu du.

Aipatu nahiko nukeen beste ipuina Galtzaileak da. Hau osaba apaizari entzundako kontakizuna da; xehetasun mordoa eman zidan, eta orduko egunkariak irakurrita konprobatu dut egia dela, Zumaiako trainerua lehena sartu zela [1895eko Kontxako estropadako ziabogara], eta gero azken-aurreko heldu zela. Ipuin honetan kontatu nahi izan dut trainerua osatzen zuten pertsona hauek arrantzaleak zirela –horren zalantzarik ez dago–, gorriz jantzita joan zirela –beste guztiak zuriz jantzita joan ziren–, eta kantari onak zirela. Nola kantuan etorri ziren bueltan, napolitanak kantatzen, eta hemen ez zegoela inor beraien zain. Esan nahi izan dut hauentzako estropada ez zela guztia, eta ez zirela galtzaile sentitu etxera heldu ez ziren arte. Arrantzale hauek itsasora ateratzen zirenean kanta bat abesten zuten, eta horren berri Joanito Dorronsororen bidez jaso nuen. Ipuinak daraman QR kodearekin ipuinaren audioa, abesten zuten kantaren audioa, eta, napolitanak abesten bueltatu zirenez, napolitana horien bertsioak ere jaso ditut.

Beraz, liburuan jasotzen dituzun ipuin batzuk zuri heldu zaizkizun kontakizunak dira.

Bai, baina beti ere nire erara moldatuta. Ez ditut hitzez hitzeko itzulpenak egin. Hori klasikoei ikasi diet. Hitzez hitz eginda, esaldietara lotuta zaude. Euskaldun batek istorio hori nola kontatuko lukeen pentsatu dut. Inkluso, eguneratu ere egin ditut, gauza batzuk orain modu batera ezin dira kontatu eta.

Bizitzeko irrika da liburuaren izenburua. Konfinamenduan idatzitakoa bada, garai horrek bizitzeko irrika askorik ez zuen ematen!

[barreak] Tartean dago ipuin bat, dezenteko arrakasta izan duena, eta izenburu hori du, Bizitzeko irrika. Akira Kurosawak badu pelikula bat, Ikiru, eta minbiziagatik hiltzen ari den funtzionario baten bizitzaren berri ematen du. Bizitzeko ilusiorik ez duen funtzionario bat da, baina esaten diotenean hilabete gutxi batzuk geratzen zaizkiola, bizitza osoan egindakoa baino gehiago egiten du. Nik horri gehitzen diot alboan funtzionario gazte eta alper bat duela, eta bataren eta bestearen arteko liskarrak kontatzen ditut.

Funtzionarioak haserretuko dituzu!

Batzuk bai eta besteak ez! [barreak] Badut funtzionarioa den lagun bat, eta liburua dedikatu dio, ‘funtzionatzen duen funtzionarioari’. Badaude funtzionatzen duten funtzionarioak eta funtzionatzen ez dutenak, eta ipuinean biak daude. Hori da ipuinean sartu dudana.

Izenburuagatik galdetzen duzu, eta bada hor Igor Barandiaranek kontatutako ipuin bat. Ekialdekoa omen da, eta hala izango da. Behin izurritea etorri zen eta esan zuen 5.000 lagun eramango zituela. Urtea amaitu da, eta 10.000 lagun hil dira. Izurriteari kontuak eskatu zizkioten. “Esan zenuen 5.000 lagun eramango zenituela, eta 10.000 eraman dituzu”. Eta izurriteak erantzuten du: “Ez, nik 5.000 eraman ditut. Beste 5.000 beldurrarenak dira”. Badago, baita ere, indioek kontatzen duten esaldi bat: “Ausartak behin bakarrik hilko dira; koldarrak sarri”. Ez dugu beldurrez bizi behar, bizitza bizi egin behar da. Beste jarrera bat izan behar dugu. Ipuin denetan dago bizitzaren aldeko apustua”.

Zuk zeuk atera duzu liburua; ez duzu argitaletxe baten bidez atera nahi izan?

Orain arte Doberaren [Hernaniko Dobera euskara elkarteaz] bidez ateratzen nituen, baina pandemiaren historia honekin nahiago izan dut nire gustura atera. Azken finean, dirua zertarako da? Gastatzeko, eta horrela, bidez batez, ekonomia zertxobait mugitzen dut. Nire gustura atera dut liburua, oso tirada mugatuan, eta hori bukatzean ikusiko dut zer egiten dudan.

Liburua Zumaian salgai dago Mandalan, Otañon eta Aizpuruan. Zumaiatik kanpoko norbaitek liburua nahiko balu 605 72 49 26 telefono zenbakira dei egin dezake.