Igande honetan hasiko dira Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldiak

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 19a, 14:30

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldien berri eman du gaur Zumaiako Udalak eta antolakuntzan lagundu duten eragileek. Lehen ekintza igande honetan bertan egingo da: Euskal Herriko Mundu Martxara eramango den oihala prestatzea hain zuzen ere. 

Martxoaren 8a da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta egun horretan, arratsaldez, manifestazio jendetsu batek zeharkatuko ditu herriko kaleak 19:00etatik aurrera. Aurreko eta ondorengo egunetan ere izango dira ekimen horrekin lotutako ekitaldiak herrian. Horren berri eman du Maider Alberdi zinegotziak gaur eguerdian Alondegian egindako agerraldian. Herriko eragileetako ordezkariak ere izan dira ekitaldian.

Ekitaldi sortari hasiera emateko, igande honetan bertan Euskal Herriko Mundu Martxarekin lotutako bi ekintza egingo dira Zumaian, biak ere eguerdi partean. Martxa hau martxoaren 6an helduko da Irun eta Hendaia arteko mugara, eta bertan egingo dute amaierako ekitaldia. Herri bakoitzetik oihal bat eramango dute, eta Zumaiakoa prestatzeko ekintza egingo da igandean, eguerdiko 12:30ean Beheko plazan. Bertaratuko diren emakumeei zapi bana eramateko eskatu dute antolatzaileek. Jarraian, 13:00etan, herriko zubiak lotuko dituen giza katea egingo da. 

Martxoaren 7an Malen Etxeak Zumaiako Udalarekin elkarlanean abian jarritako Harrera Etxea proiektua ezagutzeko aukera izango ate irekien jardunaldia egingo da, 11:00etatik 14:00etara bitartean, Kofradian. Bestalde, Lilatoira begira lanean ari da Zumaiako Emakumeon* Etxea elkartea (laster emango dituzte ekimenaren inguruko xehetasun gehiago).

Hitzaldiak eta erakusketa

Emakumeen Egunarekin lotutako hitzaldiak eta erakusketa bat ere izango dira herrian. Hala, Euskal Herriko Mundu Martxaren aldarrikapenekin lotuta, Irantzu Varelak feminismoa eta arrazakeriaren inguruko hitzaldia eskainiko du martxoaren 4ean. 2019an egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministaren ondoren argitaratu den liburuaren aurkezpena ere egingo da martxoaren 16an, Emagin elkartearen eskutik. Liburu honetan jardunaldietan landutako ponentziak jaso dituzte, zinegotziak azaldu duenez.

Lehen hitzaldia gazteleraz izango da; bigarren saioa euskaraz izango da, eta itzulpen zerbitzua egongo da. Bi hitzaldiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira, eta beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, berdintasuna@zumaia.eus helbidera idatzita.

Martxoaren 5etik 9ra bitartean, aldiz, Donostiako Udaleko Kultur Sailak prestatutako Frida Kahlo, artista eta aktibista erakusketa ikusi ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan.