'El padre' eta 'Elfkinak' filmak emango dira asteburuan Aita Mari zinean

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 19a, 12:36

Helduentzako eta haurrentzako pelikula bana emango da asteburuan Aita Mari zinean. Helduek El padre drama ikusi ahal izango dute; haurrek, berriz, Elfkinak animazioko lana. 

Anthony Hopkins eta Olivia Colman aktore dituen drama da El padre. Anthonyk 80 urte ditu, bihurri samarra da bere adinerako, eta bakarrik bizi nahi duela erabaki du. Senide guztiei laguntza ukatu die, eta zaintzaileak uxatu egiten ditu. Anne alabak ezin dio egunero bisita egin, eta kezkatuta dago aitaren osasun mentalarekin. Emakumeak bere bizitza propioa egin behar duela ikusiko du. Pelikulak Ikuslegoaren saria irabazi zuen iazko Donostiako Zinemaldian.

Gaurtik astelehenera bitartean emango da, ohiko ordutegian: 19:00etan.

Bihar eta etzi, larunbatean eta igandean, Elfkinak animazioko lana emango da Zumaiako zine aretoan, 16:30ean. Alemania. 200 urte baino gehiago daramatzate elfkinek lur azpian bizitzen, lurrazaleko mundutik ezkutatuta, eta gizakiekin inolako harremanik izan gabe. Halako batean, Elfie-k, Kipp-ek eta Buck-ek lurrazalera igotzea erabaki dute. Abentura askoren ondoren, Elfie txikia Teo gozogilearen lagun egingo da. Gizon erretxin samarra da Teo, baina berak gogoraraziko die elfkinei zein den beren bizitzako helburu nagusia: besteei laguntzea! 

Hemen ikus daiteke trailerra: