Beste bost positibo detektatu ditu Osakidetzak Zumaian

Anartz Izagirre 2021ko ots. 18a, 13:07

Atzo gertatu bezala, eskualdean atzemandako positiboen ia erdia Zumaian detektatu ditu Osakidetzak. Hamabi kasu izan ziren atzo Urola Kostan, eta horietatik bost Zumaian. Eremu horian jarraitzen du, hala ere, herriak. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta herenegun baino bost kasu gehiago atzeman dituzte eskualdean. Urola Kostako positibo guztiak hiru herritan hauteman zituzten atzo.

Zumaian izan dira kasu gehien; izan ere, bost kasu zenbatu zituzten atzo, eta uneotan 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 203,52koa da herrian. Azken egunetako joerari erreparatuta, igoera txiki bat izan da han, baina oraindik ere eremu horian jarraitzen dute.

Bestalde, Zarautzen lau positibo berri zenbatu zituzten atzokoan, herenegun baino bi gehiago. Gaur-gaurkoz 282,69ko tasa dute eskualdeko herririk jendetsuenean; beraz, eremu horian jarraitzen dute.

Atzo positiboak zenbatu zituzten hirugarren herria Azpeitia izan zen. Hiru egun jarraian herrian positiborik hauteman ez badute ere, atzo hiru kasu berri zenbatu zituen Osasun Sailak. Hala eta guztiz, intzidentzia tasan ez da aldaketa handirik izan, eta gaur-gaurkoz 308,80ko tasa du Azpeitiak; beraz, eremu laranjan jarraitzen du.

Eskualdeko gainontzeko zortzi herrietan, berriz, ez zuten positibo bakar bat ere zenbatu. Orion tasak beheraka jarraitzen du, eta eremu horia gertu dute; izan ere, uneotan 309,85eko tasa dute. Azkoitian ere intzidentzia tasak behera jarraitzen du, eta 133,52ko tasa dute orain. 5.000 biztanletik beherako herrietatik aipagarriena, berriz, Zestoako kasua da. Osasun Sailak atzokoan ez zuen han kasu berririk zenbatu, baina bertan eskualdeko intzidentzia tasarik altuena dute oraindik, 410,89koa, hain justu.

Hego Euskal Herrian, gora

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren osasun sailek emandako datuei erreparatuta, guztira, 13.229 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta 641 positibo izan ziren. Azken egunetako joera bera izan zen atzo ere, eta Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien: 341. Horrez gain, Gipuzkoan 133 kasu hauteman zituzten, Araban 81 eta Nafarroan 78. Bestlade, EAEtik kanpoko herritarren zortzi kasu ere atzeman zituen Osakidetzak. Gauzak horrela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5ekoa da eta Nafarroakoa %4,1ekoa.

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, Osakidetzako erietxeetan 68 pertsona ospitaleratu zituzten atzo; ZIUetan, berriz, 153 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.