Neguko stock azoka egingo dute merkatariek

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 18a, 11:39

Bihar eta etzi, ostiralean eta larunbatean, neguko stock azoka egingo da Zumaian, Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatuta. Osasun egoera dela eta, ez da giroa alaitzeko ekitaldirik izango da.

Materiala stockean duten dendek hala eskatuta antolatu du Gertuk neguko azoka hau. Bihar eta etzi, ostiralean eta larunbatean egingo da stock azoka Zumaian. 

Gerturen esanetan, saltoki bakoitzak bere establezimenduan eta ohiko ordutegian egingo du azoka hau, eta herritarrei eta inguruko herrietako bezeroei zuzenduta egongo da. Kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzaren azken neurrien arabera, mugakideak diren herrietako jendeak bakarrik hurreratu ahal izango duela. 

"Beti ere eguraldiak lagunduko balu, mahaiak saltokiaren kanpora ateratzea izango litzateke ideia –aurten ez da karparik izango–, eta ezin bada txoko edo gune bat izango dute saltokiaren barrualdean", gaineratu dute antolatzaileek. 

Gertuko arduradunek gaineratu dutenez, osasun neurriak betetzen direla ziurtatuko dute, eta ez da aparteko ekitaldirik antolatuko.