Emakumeen Mundu Martxara eramango duten oihala prestatuko dute igandean

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 18a, 09:44

Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean egingo da Euskal Herriko Emakumeon V. Mundu Martxa. Horren harira, martxaren amaierako ekitaldira Zumaiatik bidaliko duten oihala apaintzeko ekintza egingo da igande eguerdian. 

Migrazio politikak, mugak eta transnazionalak salatuko ditu Mundu Martxak aurten. Euskal Herrian, otsailaren 20an abiatuko da nazioarteko ekintza, eta martxoaren 6an amaituko da Irun eta Hendaia arteko mugan egingo den itxiera ekitaldiarekin. Aurretik, otsailaren 20tik 27ra bitartean, aldarriz betetako oihalak egin eta jasoko dira herriz herri, eta amaiera ekitaldi horretara eramango dituzte.

Zumaiatik eramango den oihala prestatu eta apainduko dute igande honetan, otsailaren 21ean, Beheko Plazan. Gero, 13:00etan, zubien arteko emakume* katea egingo dute. Antolatzaileek Zumaiako emakume guztiei plazara hurbiltzera animatzen diete, "eta ekar dezatela zapi bana, ea elkarrengana batuz kate luze-luzea osatzen dugun, garbi ikus dadin gehien-gehienok gaitzetsi egiten ditugula hemengo migrazio politikak, transnazionalak eta haien diru gosea".