Hasi dituzte alde zaharreko bideak konpontzeko lanak

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 17a, 15:07

Goiko plazaren inguruko bideak konpontzeko lanak hasi dituzte gaur. Galtzada-harriz osatzen dira bide hauek, eta bertatik pasatzen diren kamioiek eta ibilgailu pisutsuek kaltetu egin dute azken aldian.

Bonifazio Etxegaraiko goialdeko, eta Foruen plaza eta San Jose arteko bideak konponduko dituzte. Galtzada-harriak kentzen hasi dira gaur goizean.

Lan hauek eragina izango dute alde zaharretik eta San Josetik igarotzen den trafikoan. Hala, udalak atzo azaldu zuenez, aldaketak izango dira inguruko kaleetan igandera bitartean.

Angeles Sorazu kalean alderantzizko noranzkoa ezarriko da, eta hala, ibilgailuek Txomin Agirretik, Fielato ondoko aldapatik igo beharko dute San Josera, San Juan egoitzaren atzeko errepidetik igaro, udaletxe aldera jo eta Angeles Sorazu aldapatik jaitsiko dira. 

San Jose kaletik Ubillos aldera joateko aukera izango dute ibilgailuek, baina ezingo dute puntu horretatik aurrera jarraitu, eta ibilgailuek buelta eman beharko dute aipatutako eraikinaren parean. 

Bestalde, Bonifacio Etxegarai kaleko aldapa itxiko dute bizilagunentzat izan ezik. Erdialdetik gorako gunea itxita egongo da, baina bizilagunek kotxeak aparkatzeko bertatik sartzeko aukera izango dute. 

Azkenik, Erribera kaleko noranzkoa ere aldatu egingo dute. Horregatik, ibilgailuek taxiak geratzen diren lekutik sartu beharko dute Erribera kalera, eta Magnolio alboko bidegurutzetik atera. Erribera kalearen beste alderantz joaten diren ibilgailuek ere Magnoliotik atera beharko dute.