Burujabetza energetikoaren bideari ekiteko, energia jardunaldiak antolatu ditu udalak

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 16a, 12:30
IƱaki Ostolaza eta Alex Oliden Aita Marin, jardunaldien aurkezpenean.

'Aldaketa garaia da' izenburupean, energiaren gaia gizarteratzeko hiru saio izango dira otsailan eta martxoan. Herrian sortu daitezkeen alternatiben inguruan sakontzeko aukera izatea nahi dute.

Zumaiako Udalak energiaren gaia gizarteratzeko jardunaldiak antolatu ditu, Aldaketa garaia da izenburupean. Bide hori herritarrekin batera egitea da asmoa, eta horretarako, trantsizio energetikorako gakoak izango diren saio bana izango dira otsailaren 23an, martxoaren 2an eta martxoaren 9an. Herri mailan sortu daitezkeen alternatiben inguruan sakontzeko aukera izatea nahi du Udal Gobernuak. 

Burujabetza energetikoan sakontzeko, gabezien azterketa bat egin dute. Iñaki Ostolaza alkateak jardunaldien aurkezpenean aipatu ditu kontsumoaren murrizketa eta energia propioa ekoizteko beharra. Alex Oliden zinegotziak, berriz, trantsizio energetikoaren kontzeptua nabarmendu nahi izan du. Haren hitzetan, trantsizio energetikoak herritarrak gobernatzea, edo herritarrek trantsizio energetikoa gobernatzea dira bi aukera bakarrak: "Aldaketa egongo da, guk nahi ala ez. Helburua da guk gobernatzea trantsizio energetikoa, eremu lokaletik bideratuta eta adostuta".

Kontsumoa murrizteaz eta burujabetza energetikoan sakontzeaz gain, autokontsumoaz, pobrezia energetikoari erantzuna emateaz eta energia jasangarriez aritu da Oliden. Bide horretan, esan du udaletxean eta herriko eraikinetan efizientzia energetikoa lortzea izan daitekeela neurrietako bat. Horretarako diru-laguntzak eta ekimenak badaudela azaldu du zinegotziak.

Hitzaldi guztiak Aita Mariko zine aretoan izango dira, 18:30ean. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea. 

Energia jardunaldiak

Otsailak 23, asteartea

18:30. Trantsizio energetikoa: testuingurua eta erronkak. Ekopol taldea (EHU).

Martxoak 2, asteartea

18:30. Burujabetza energetikoa: tokiko esperientziak. 
Zumaiako energia plana: Aitor Ossa Rissanen.
Gares energia: Oihan Mendo Garesko alkatea eta Txetxu Ezkurra talde eragileko boluntarioa.

Martxoak 9, asteartea

18:30. Zumaiako eguzki energia sorkuntzarako proposamena. Krean taldea.