Herriguneko trafikoan aldaketak izango dira datozen egunotan

Mireia Galarza Bastida 2021ko ots. 16a, 11:30

Bonifacio Etxegarai kaleko aldapa, eta San Jose kalearen eta Foruen plazaren arteko errepideko adokinak konponduko ditu Zumaiako Udalak, eta ondorioz, itxita egongo da errepide hori asteazkenetik igandera bitartean. Obrek herriguneko trafikoan ere zenbait aldaketa eragingo du. 

Aste honetan zehar, Zumaiako Udalak Bonifacio Etxegarai kaleko aldaparen goiko aldeko, eta San Jose kalearen eta Foruen plazaren arteko errepideko adokinak konponduko ditu, eta hori horrela izanda, asteazkenetik igandera bitartean itxita egongo da errepide hori. 

Obrek, gainera, herriguneko trafikoan hainbat aldaketa eragingo du. Angeles Sorazu kalean alderantzizko noranzkoa ezarriko da, eta hala, ibilgailuek Txomin Agirretik -Fielato ondoko aldapatik- igo beharko dute San Josera, San Juan egoitzaren atzeko errepidetik igaro, udaletxe aldera jo eta Angeles Sorazu aldapatik jaitsiko dira. 

San Jose kaletik Ubillos aldera joateko aukera izango dute ibilgailuek, baina ezingo dute puntu horretatik aurrera jarraitu, eta ibilgailuek buelta eman beharko dute aipatutako eraikinaren parean. 

Bestalde, Bonifacio Etxegarai kaleko aldapa itxiko dute bizilagunentzat izan ezik. Erdialdetik gorako gunea itxita egongo da, baina bizilagunek kotxeak aparkatzeko bertatik sartzeko aukera izango dute. 

Azkenik, Erribera kaleko noranzkoa ere aldatu egingo dute. Horregatik, ibilgailuek taxiak geratzen diren lekutik sartu beharko dute Erribera kalera, eta Magnolio alboko bidegurutzetik atera. Erribera kalearen beste alderantz joaten diren ibilgailuek ere Magnoliotik atera beharko dute.