Hamargarrenez, 'Euskara, bestela ez gara' zikloa antolatu du udalak herriko eragileekin elkarlanean

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 15a, 11:53

Asteazkenetik martxoaren 10era bitartean, hitzaldi bat izango da astero. Askotariko gaiak lotuko dituzte euskararekin; turismoa, feminismoa, musika edota migrazioa. Aurrez izena ematea ezinbestekoa dela gogorarazi dute antolatzaileek.

Beste urte batez, Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa antolatu du Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Larraina Euskara Taldearekin eta Emakumeon* Etxearekin elkarlanean. Asteazkenetik aurrera, astero hitzaldi bat izango da, eta solasaldi bakoitzak gai bat aztertuko du. 

Euskara turismoaren olatuan izango da lehenengo hizketaldia: kostako herrietan turismoak gora egin du azken urteotan, eta horrek eragina izan du herritarren bizimoduan eta ohituretan. Kasu batzuetan, zeharo aldatu ditu, gainera. Euskara babesteko eta indartzeko egin daitekeena aztertuko dute Goizane Arana UEMAko teknikariak eta Asier Basurto Donostiako BiziLagunEkin plataformako partaideak, Gorka Zabaletaren gidaritzapean.

Hilaren 24an izango da hurrengo hitzordua. Industrializazioak aldaketak ekarri ditu herriaren demografian eta egoera soziolingustikoan, eta azkeneko bi hamarkadetatik fenomenoa errepikatzen ari da. Horren aurrean, 2005az geroztik udalerri euskaldunetara etorritako erdaldunek euskararen inguruan dituzten gogoetak aztertuko dituzte hizketaldi honetan. Aztiker ikerguneko Enara Eizagirre teknikariak emango du hitzalda, UEMAren beka bati esker egindako Migrazio erdalduna herri euskaldunetan ikerlana oinarri hartuta. Kanpotik etorritakoek euskararekiko zer sentimendu, muga edo aukera dituzten aztertuko du Eizagirrek, besteak beste.

Idurre Eskisabel EHUko irakaslea eta Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria izango dira, berriz, martxoaren 3an. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara izenburupean, feminismoa eta euskara bazterreko izateko bide direla aztertuko dute. Biak menderakuntzaren alaba izanagatik, biak dira indibidualki eta kolektiboki boteretzeko lekuak, hizlarien ustez. Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko aliantzarako bidea aztertuko dute. 

Azkenik, zikloa ixteko, musika euskaraz egitearen inguruko estigmak eta aurreiritziak izango dituzte hizketagai martxoaren 10ean. Etengabeko mugimenduan den musika panorama astintzen duten galderak musikariak nola zeharkatzen dituzten lehen pertsonan kontatuko dute Jurgi Ekizak (Willis Drummond), Amancay Gaztañagak (Grises) eta Ningra musikariak. Julen Aperribai arituko da bideratzaile lanetan.

Izen-ematea
Lehen hiru hitzaldiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira; azkena Aita Mari zineman. Solasaldi guztiak 18:30ean hasiko dira. Segurtasun neurriak hobeto zaindu ahal izateko, ezinbestekoa da aurrez izena ematea, euskara@zumaia.eus helbidera idatzita edo 943-86 50 25 telefono zenbakira deituta.