Gipuzkoan 115 positibo detektatu dituzte

Julene Frantzesena 2021ko ots. 14a, 14:04

Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan nahiz Nafarroan, 500etik behera jaitsi da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa. Atzo, orotara, 480 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian gauzatutako 10.766 PCR eta antigeno probetan. Osakidetzaren arabera, 170 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan.

Asteburuan, nabarmen egin du behera koronabirus kasu positiboen kopuruak Hego Euskal Herrian, eta bai Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan, bai Nafarroan, 500etik behera jaitsi da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa. Dena den, ikusteko dago joera aldaketa eman den edo asteburuko datuak salbuespena diren.

Atzo, orotara, 480 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian gauzatutako 10.766 PCR eta antigeno probetan. Araban 58 positibo, Bizkaian 242, Gipuzkoan 115 eta Nafarroan 57 zenbatu zituzten atzokoan, eta Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren beste zortzi lagunek ere eman zuten positibo probetan.  Datu horiek tarteko, gaur-gaurkoz, %4,8 da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa, eta %3 Nafarroan.

Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak eman, baina bai Osakidetzak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan 31 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 170 lagun daude hiru lurralde horietako ZIUetan.

Asteburua izanik, Osakidetzak ez ditu herriz herriko datuak jakinarazi; bihar argitaratuko ditu ostiralaz geroztik herrika izan diren datuak.