Ilusio eta zalantza

Julen Etxeberria | Berria.eus 2021ko ots. 9a, 08:56
Peña entrenatzen, konfinamenduan.
Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoera dela eta, ez dago argi Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak egingo diren. Iaz, urtebetez atzeratu zituzten, baina, oraingoan, antolatzaileek diote "zernahi gertatzen dela ere" egin egingo direla. Euskal kirolarien artean, batzuk seguru daude egingo direla; beste batzuek, aldiz, ez dute horren argi. Iñigo Peña piraguistak txertoan du itxaropena.

Olinpiar zuzia toki ezezagun eta seguru batean dago gordea. Ia urtebete darama bertan. Aspaldiko ohiturari jarraituz, Greziatik abiatu zen, Olinpiatik, baita Japoniara iritsi ere, lau hilabeteko ibilbidea egiteko. Baina berehala itzali zuten, eta toki seguru batean gorde. Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, urtebetez atzeratu zituzten udan jokatzekoak ziren Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak. Antolatzaileak, Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) buru zutela, sinetsita zeuden urtebetean egoerak hobera egingo zuela, eta Jokoak egin ahalko zirela. Ordurako txertoa egongo zela; horretara ere heldu ziren antolatzaileak.

Baina urtebete pasatu da, eta egoera larria da oraindik ere: milaka lagun ari dira hiltzen egunero koronabirusagatik. Txertoa badago, bat baino gehiago, baina oso geldo doa txertaketa, espero baino askoz geldoago. Hala ere, antolatzaileek bereari eusten diote, eta kosta ahala kosta egin nahi dituzte Jokoak. Horren adibiderik argiena da Yoshiro Mori Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetako arduradun nagusiak esan berri duela "pandemiarekin zer gerta ere", Jokoak egin, egingo direla. "Nola egingo diren da axola duena", azpimarratu du. Baina ikusteko dago hori. Duela urtebete ere behin eta berriro esan zuen gauza bera, eta gero, atzera egin behar izan zuen. Japonian, gainera, ez dute ondo ikusten Jokoak egitea: Kyodo albiste agentzia ofizialak egindako inkestaren arabera, hamar japoniarretatik zortzi Jokoak bertan behera uztearen edo berriz atzeratzearen alde daude.

Argi dagoena da urte erdi besterik ez dela falta eta ez dela ziurra egingo diren edo ez —uztailaren 23an dira hastekoak Olinpiar Jokoak, eta abuztuaren 24an, Paralinpiar Jokoak—. Hainbat euskal kirolari han dira aritzekoak, edo han lehiatzeko ari dira lanean. Zain daude ea zer pasatuko den. Bakoitzak bere iritzia du. Batzuk itxaropentsu daude, eta uste dute Jokoak egingo direla. Baina badira ere zail ikusten dutenak egungo egoeran halako kirol ekitaldi erraldoi bat egitea. Haietako batzuen iritziak bildu ditu Berriak.

IÑIGO PEÑA Piraguista
"Konfiantza handia ematen dit Jokoak Japonian izateak"

Sevillan (Espainia) dago Iñigo Peña (Zumaia, Gipuzkoa, 1990), denboraldia buru-belarri prestatzen. Horretan dauka arreta osoa: bigarrenez jarraian lehiatu nahi du Olinpiar Jokoetan. Hark eta Paco Cubelos espainiarrak Tokiorako toki bat ziurtatu dute Espainiako selekzioarentzat K2ko 1.000 metrokoan, eta, orain, tokia eurena izatea nahi dute. Apirilean da jokatzekoa sailkatze proba.

Erronka garrantzitsuegia da beste kontuei erreparatzen egoteko. "Ahalik eta kasu gutxien egiten diet Jokoen inguruko informazioei. Zerbait dagoenean, esango dute", dio. Hala ere, aitortu du "kezkaz" bizi izan zuela Times egunkariak kaleratu zuenean antolatzaileek erabakita zutela Jokorik ez egitea. "Egun kritikoa izan zen. Ordurako zurrumurru asko zeuden, eta horrek are eta gehiago nahastu zuen dena". Antolatzaileek berria berehala gezurtatu izanak lasaitu zuen. "Ordutik iritsi diren albiste guztiak onak izan dira. Badirudi antolatzaileek bereari eusten diotela, eta Jokoak egingo dituztela. Ni itxaropentsu nago. Sinetsita nago egingo direla".

Erreportajea osorik irakurtzeko, jo Berria.eus-era.