Goikoetxeak parekorik ez duela erakutsi du beste behin ere Miamin

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 2a, 19:20
Argazkia: Red Bull

Abenduan eta urtarrilean Miamin (AEB) jokatu duen denboraldian maila bikaina erakutsi du zumaiarrak. Bakarkakoan duen abilezia agerian utzi du beste behin ere.

Iñaki Osa Goikoetxeak ez du parekorik izan Miamin (AEB). Puntista zumaiarra bi hilabete iraun duen denboraldiko txapelduna izan da, 160 kiniela irabazi ondoren. Beste behin ere, bakarkakoan duen abilezia erakutsi du Goikoetxeak. 

Abenduan eta urtarrilean jokatu da denboraldia. Egunero hiru jardunaldi jokatu dituzte, astean sei egunean: erritmoari eustea, gorabeherarik ez izatea eta lesiorik ez izatea, helburu guztiak lortu ditu Goikoetxeak. Imanol Lopez, Aritz Erkiaga –lesio bat du eskuineko eskuan eta gerrian–, Erik Mendizabal –hamar egun beranduago hasi zuen denboraldia, Daniako denboraldia amaitu ondoren–, Joey Cisneros, Iker Foronda, MIkel Amigorena, Jairo Baroja eta Manu Ladutxe izan ditu aurkari bi hilabeteotan zumaiarrak.

Kinielan zortzi puntistak parte hartzen dute, eta jokatutakoen herenak irabazi ditu Goikoetxeak. ETBn egindako adierazpenetan Goikoetxea pozik agertu da erakutsitako mailarekin, eta 2021erako erronken berri eman du: Euskadiko udako txapelketan eta Kuban jokatuko den Munduko Kopan parte hartzea, berriz ere urtea Miamiko denboraldian amaitu aurretik. Hala eta guztiz, ikusteko dago pandemiak Jai Alairen egutegian nola eragingo duen.