‘Joxe’ eta itsas ondarea, biziberrituta

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 31a, 11:00

Zumaiako Beduola elkarteko kideek beste ontzi tradizional bat berritu dute. ‘Joxe’ izenekoa, orain dela urte eta erdi ekarri zuten Zumaiara. Goitik behera berritu ondoren, otsailaren 6an uretaratuko dute.

Sortu zenetik, eta bereziki azken urteotan, ontzi tradizionalak berreskuratzeko lanak egin ditu Zumaiako Beduola elkarteak. Erriberatan utzita zeuden ontziak, edo itsasoarekin lotura estua zuten herriko familiek garajeetan eta lokal zaharretan lagata zituzten egurrezko batelak hartu, eta goitik behera berritu dituzte. Behin lanak amaituta, berriz ere uretara itzuli dituzte txalupa horiek, modu horretan Zumaiak itsas kulturarekin duen harremana biziberrituz. Azken urte hauetan eraberritu dituzten Ramontxu, Magallanes edota Ilunabarra ontzien ondoren, Joxe ontziari egokituko zaio itsasadarreko urak ukitzea. Dena ondo bidean, datozen egunetan uretaratuko dute goitik behera berritutako ontzia.

Igor Egaña Peaso eta Mikel Garate duela urte eta erdi hasi ziren Beduolan, eta orduan eskuratu zuten gaur egun Joxe dena. Bikoteak Joxe Manuel Osa arotzaren laguntzarekin berritu du ontzia. “Peaso eta biok hasi ginen batel honi ustelduta zeuden xafla batzuk kentzen, eta ia batelik gabe geratu ginen. Gero Joxe Manuel Osa etorri zen, arotza izandakoa. Hark badaki egurra lantzen, eta gehiena berak egin du. Guk ikasi egin dugu”, dio Garatek. Osa ia dena aldatzen hasi zen; gila uztea pentsatu zuten hasiera batean, baina hori ere ustela zegoela ohartu ziren. Saihets batzuk, atzeko aldea eta forma dira lehengo ontzitik mantentzen diren elementuak. 

Orduak eta orduak igaro ditu hirukoteak elkarteak Bidabeazpin duen lokalean lanean, ustelduta zegoen egur zaharra kendu eta berriarekin ordezkatzen, egurrezko taulen arteko lotura egokiena erabakitzen, xaflei berniza ematen edota karelean toleta berriak jartzen.

Batel horiek desagertu egin direla dio Beñat Ibaieta Beduolako kideak: “Abandonatuta daude garajeetan, lokal zaharretan…”. Utzita, zahartua zegoen egurrezko batelak beste itxura bat du gaur egun; hamarkada ugari dituen ontziak berria dirudi, eta margotzeko erabilitako pinturak ere badu zerikusia: zuri kolorearekin margotu dute barrena, eta gorriz kanpoaldea. Xehetasun txikienak ere zaindu dituzte. Hala, barrualdean, brankan, proa hitza tailatu dute, adibidez.

Aurrerantzean, Garateren eta Peaso-ren ardurapean egongo da. Bikoteak nabarmendu du mantentze lanez arduratuko direla, baina erabili nahi duenak izango duela horretarako aukera, elkartearekin harremanetan jarrita. Kirol portuan lotuko dute, Juan Luis ontzia bezala. Hasieran larunbat honetan bertan uretaratzeko asmoa zuten, baina, azken orduko ezustekorik ez bada, datorren asteburuan egingo dute ekitaldi hori.

Beste proiektu batzuei helduko diete orain. Ramontxu ontzia udarako uretaratu nahi dute, esaterako. Iosu Uranga dabil lan horiek egiten.