Imanol Azkue: “Mugarrien eta muga lerroaren inguruan dakiguna idatzi eta edozeinen eskura jarri nahi dugu”

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 31a, 09:30
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Duela hamar urtetik mugarrien ibilaldia antolatzen aritu da Imanol Azkue urtero-urtero. Muga lerroaz eta mugarriez urteotan ezagututakoa liburu batean bildu du, eta urte berriarekin batera emango du argitara, Baleike Kultur Elkartearen eskutik.

Noraino iristen da Zumaia? Santiagoko mugaren inguruan Getariarekin izandako tira-birak salbu, gutxitan mahai gaineratu da mugarrien eta muga lerroaren gaia. Konfinamendu perimetralaren ondorioz, ordea, hainbatek galdetu dio azkenaldian Imanol Azkueri (Zumaia, 1965) zehazki zein den muga lerroa. Hain justu, Zumaiako mugarriak ezagutzeko ibilaldia antolatzen hasi zen Azkue duela hamar urte. Orain, ibilaldiari, muga lerroari eta mugarriei buruz jasotako guztia liburu batean bilduko du. “Erabiltzeko” liburua izatea nahi du Azkuek, “motxilan sartu, kontsultatu edota oharrak idazteko” balio duena. 

Noiz eta zer dela eta sortu zitzaizun mugarriekiko interesa?
Zumaia, izena eta izana liburua hasi nintzen lantzen 2007an, eta 2008 argitaratu genuen. Itsasotik hasi, harraldetik, muga, kanpoko auzoak… kanpotik barruraka aztertu nuen Zumaia, zirkuluka, eta badago atal bat Zumaiaren mugekin. Aztertu nituen Zumaiako mugak –Debarekin, Zestoarekin, Aizarnazabalekin eta Getariarekin–, eta horko leku izenak landu. Mapari begiratuta, ikusi nuen ibilaldi bat egin zitekeela. Lehendik ere bazegoen Zumaiako Bira, Indamendik antolatzen duena, baina ez muga lerroari jarraitzen, eta pentsatu nuen posible litzatekeela egun batean muga lerroaren gainetik ibilaldi bat egitea. 

Beste gauza asko bezala, hor geratu zen ideia, baina 2011n esan nuen ‘Hau egin egin behar da!’. Lagunei komentatu nien, eta deialdia egin nuen Atekin, garai hartan Baleiken nuen blog batean. Hemeretzi lagun elkartu eta ibilaldia egin genuen. Euritan blai ibili ginen, baina oso gustura. Harrezkero urtero egin dugu. Jendeak eskatu egiten du: ‘noiz izango da?’. Batzuetan udan, besteetan udazkenean; baina onena udazkenean da, landaretzak ez daukanean hainbesteko indarra. Gehienetan urrian edo azaroan egin izan dugu, larunbat batean.


Ezkaraztoren magalean dagoen mugarrietako bat. (Imanol Azkue)

Urteotan ezagututakoa eta bildutakoa liburu batean jasoko duzu orain.
Baneukan gogoa, urtez urte joan garelako ibilaldia aldatzen eta gauzak ikasten. Mugarri berriak aurkitu ahala aldatu egin dugu ibilaldia, eta gauza ezberdinak egin. Behin ere ez da ibilbide berbera izan, eta parte hartu duen jendea ere aldatu egin da. Gainera, ahaztu egiten dira gertatzen diren gauzak, eta komeni da gauza batzuk, behintzat, idatziz jasotzea. Itxialdian egon garenean pentsatu nuen polita litzatekeela hori jasotzea, eta horretan jardun nuen. Materiala jaso, ikusi, zein egitura izan zezakeen aztertu… Abuztuan jardun nuen ibilbidea egin eta mugarriak banaka konprobatzen Gontxalo Torrerekin, koordenadak egiaztatzen, zein falta diren begiratzen…

Nola egituratu duzu liburua bera?
Lehenengo, sarrera batean jaso dut nondik datorren hau guztia. Gero, mugez eta mugarriez aritu naiz, Zumaiaren sorreraz, inguruko herriez eta horiekin izan ditugun harremanez eta gorabeherez, badagoelako zer kontatua; mugarriak eta mugak nolakoak diren, ez Zumaian bakarrik, beste tokietan ere bai. Gero, hirugarren zatian, zein den Zumaiako muga lerroa, eta herri bakoitzarekin nolako muga lerroa eta zer mugarri dauden, eta mugarri bakoitzarekin fitxa bat. Ondoren, laugarren zatia da mugarrien ibilbidea: normalean ibilaldi batean zer egiten dugun, nondik nora joaten garen, eta argazkiekin eta lagunduta nondik ibili behar den eta abar. Azkenik, bibliografia eta eskerrak. Eta gero, eranskinak: hor daude mapa zabalgarri bat eta mugarri guztien zerrenda. Zerrendan agertzen dira izena, kokalekua, zein alturatan dauden, edota badauden edo ez –mugarri batzuk ez daude, nahiz eta dokumentatuta egon–. 

Historiarekin lotura duten lanak egin izan dituzu. Amildegi bat sumatzen al duzu gai horietan belaunaldi gazteengana heltzeko?
Bai, handia. Gazteak ere etortzen dira tarteka, baina mugarrien eta muga lerroaren kontuak eta, nori inporta zaizkio? Beno, eta ez da gazteen kontua bakarrik. . Badago transmisio eten bat, gaia ez delako landu. Gainera, ezberdina da mugarriek beraiek ere duela 100 urte zer garrantzi zuten eta zer duten gaur egunean. Zergatik inporta zaigu orain? Jakiteko ondoko herria non hasten den, eta ondorioz joaterik badugun. Aurrekoan galdetu zidaten ea Indamendiko gurutzea Zumaia edo Zarautz den…, bada, ez bata, ez bestea. Santiagoko hondartzako mugaren kontua ere galdetu izan didate, edo Zarautzekin muga badaukagun, hara trago bat hartzera joan ahal izateko… 

Nik ulertzen dut gazteei-eta ez interesatzea horrelako gaiak, beste interes batzuk izatea. Gai honetan ez dut esango zerotik hasi behar izan dudanik, baina nik ez nekien ia ezer. Pixkanaka, urtez urte, ibilaldiari esker eta galdezka, ezagutzen joan gara, eta dakigun apurra bateratzea lortu dugu. Duela hamar urte nekiena baino askoz gehiago dakit orain, eta iruditzen zait beste jende batek ere badakiela. Mugarrien ibilaldia egiten duenak egun batean gutxi gorabehera badaki non dauden mugarriak edo zein den Zumaiaren ingurua. Hori da polita. Etena normala da, eta ez gai honetan bakarrik; gai askotan gertatzen da. Gero, liburuak eta lanak-eta egiten dituzu, eta nahi duenak begiratzen du eta nahi duenak ez, baina beti dago lantzea. 

Berez ibilaldia bera historia ezagutzeko aitzakia bat da?
Bai, hala da, baina normalean nik ez dut esplikaziorik ematen, galdetzen badidate bai, baina bestela ez. Asmoa ez da bisita gidatua egitea. Gauza batzuk badira politak: mugarri bat zaharra baldin bada, 1500 ingurukoa, esan egiten duzu. Horrelako detaileak bai. Anekdotak baldin badaude ere bai. Jendeak ere badakizki nik neuk ere ez dakizkidan gauzak. Beraz, gehiago da ezagutza hori partekatzea. Giro oso ona sortzen da alde horretatik. Badago jendea urtero egin duena ibilbidea, eta asko dakiena. 

Niretzat ibilaldiaren gauzarik politenetako bat da oso jende diferentearekin elkartzea, asko ezagutzen ez dituzunak, gainera. Eta egunean zehar denekin hitz egiteko aukera daukazu. Sortzen den giro hori oso polita da. Ezagunak, ezezagunak, lagunak… nahastu egiten da, eta urtero egoten da anekdotaren bat. Ez dugu inoiz arazorik izan, eta beti dago zerbait berezia. 


2014ko mugarrien ibilaldiko talde argazkia. (Imanol Azkue)

Badago zerbait atentzioa eman dizuna? 
Bai, gauza asko. Adibidez, Zumaia inguruko bide berriak eta parajeak deskubritzea, mugarrien aitzakian. Edo beste batzuetan sorpresa da non dauden mugarriak eta nolakoak diren. Harraldean dagoen Palankamugarriren bila, esaterako, ez dakit zenbat aldiz joan nintzen, eta gutxien espero nuenean topatu nuen. Eta hura ikusi nuenean sentitu nuen poza… Beste bat da, adibidez, Kantera baserri ondoko mugarria, okerka sartuta dagoelako. Bere garaian aterako zuten, berriz ere sartu, eta egon beharrean Zumaiara begira Zumaiako letra (Z), Zestoara begira dago, eta alderantziz, Zestoakoa (C) guri begira. Mugarri batzuk  bide ondoan daude: Andikara baserriaren bidetik hiru metrora bat dago, eta seguru asko pasako zara Elorriagara bidean, eta ez zara konturatuko. Gero, mugarri guztiak ez dira berdinak: forma aldetik, material aldetik, itxura… diferenteak dira.

Ezaugarrien bidez jakin daiteke zein garaitakoak diren?
Bai. Batzuk amorfoak dira; zenbat eta zaharrago, orduan eta amorfoagoa. Beste batzuk, berriz, lauki formakoak dira. Berrienak hormigoizkoak dira, eta beste gehienak hareharrizkoak edo kareharrizkoak. Mugarrien gaia Aldundiaren eskumenekoa da, eta tarteka egiaztatu egiten ditu, mugarriek hor jarraitzen dutela ikusteko, eta aktetan jaso. Lehen, ohitura ere bazegoen, beste herri batzuetan mantendu dena: udaletan zinegotzi berriak sartzen direnean, mugarriz mugarri joan, jakiteko noraino zen herria eta dena ondo zegoela. Oraingo alkateak, Iñaki Ostolazak, parte hartu zuen ibilaldian duela pare bat urte, eta badaki non dauden mugak...


Palankamugarri, harraldean. (Imanol Azkue)

Datozen urteetan antolatzen jarraitzeko gogotsu zaude?
Asmoa neukan aurten uzteko. Antolatzeko lanak behintzat, bai. Zikloak bukatu egin behar dira, eta aurten hamargarrengo urtea nuen antolatzen. Berez ez da lan handia: begiratzea mareajeak nola dauden –harraldera sartzeko bajamarra izatea komeni da–, Elkanon bazkaria enkargatzea, eta bi-hiru gauza kontuan hartzea da. Bestela, erraza da. Beste kontu bat da, antolatzen baduzu zer ardura daukazun; jatorrak gara onean, baina gero, txarrean edo zerbait gertatuz gero… Aurtengoarekin amaitzea neukan buruan, eta gero laguntzeko prest egotea, beste batek edo batzuk hartzea ardura. Koadernoa ateratzearen ideia ere hori da: urtez urte ikasten joan garen hori idatziz jaso, eta edozeinek edozein unetan ibilbide hori egiteko aukera izatea. Inork antolatu gabe, norberak bi-hiru etapatan antola dezake ibilaldia, eta egin. Ideia hori da: dakigun guztia idatzi eta edozeinen eskura jartzea. 

Koadernoan, ibilaldiaren zatian, noizbait parte hartu lagun batzuei zerbait idazteko eskatu nien, eta egin dute. Bakoitzak kontatu du bere ikuspegitik nola bizi izan duen egun hori. Espektro nahiko zabalekoak dira parte hartzaileak, eta hori ere polita da. 

Norbait prest agertu da ibilaldia antolatzeko lekukoa hartzeko?
Urtero, ibilaldian, Elkanoko bazkariaren ondorenean, kafe garaian, asko [kar,kar]. ‘Mugarrien komisio bat egin behar dugu, eta ni presidente, hau eta bestea....’. Baina, berez, ez. Dena bezala: jendeak nahi baldin badu, egingo da, eta bestela, ez.

Mugarrien ibilaldiaren koadernoa deitu diozu. Erabilera emateko pentsatu duzue formatua. 
Liburuak apaletan egoten dira, baina hau koaderno bat da, erabiltzeko. Kontsultatzeko, motxilan sartu eta edonora eramateko edota oharrak hartzeko balioko du.