Urolaren ertzeko basadiak eta erriberak

Josu Narbarte Hernandez 2021ko urt. 30a, 09:30
Erribera paisaiak Zumaian. Basadizarren eta Usurbiribillagako irlen ikuspegi orokorra, Artaditik.

Zumaiaren historia osoa Urolako itsasadarrari lotuta dago. Herritarren bizimodua estuki egon izan da estuarioarekiko harremanak baldintzatuta: portuaren babesa baliatu eta urruneko merkataritza harremanak ezartzerakoan, mota guztietako lehengaiak lortzerakoan, baina baita itsasgorek eragindako kalteei aurre egiterakoan ere. 

Harreman honen gorabeherak berreraikitzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak ikerketa proiektu bat finantzatu zuen 2020an, hiru arlotan: artxibategietako agiriak berrikusteko, egungo estuarioa kartografiatzeko eta padura lurretan jasotako laginen analisi fisiko-kimikoak egiteko. Jasotako materialak prozesatzen ari gara oraindik, baina behin-behineko emaitzek argi erakusten dute estuarioak herriaren historian izan duen garrantzia.

Herria eta itsasadarra

Inguruko paisaiak, Erdi Aroan, antza gutxi zeukan egungoarekin. Garai hartan, Urolak eta haren ibaiadarrek estuario zabala eratzen zuen Talaimendi, Basustagaña eta Zumaiegi mendien artean. Ibaiek ekarritako ura itsasoaren fluxuekin nahasten zen, eta mareen erritmoan urpean edo agerian gelditzen ziren hondartzak eta basadiak eratzen zituzten, Santiagoko ermitatik Oikiaraino eta Narrondoraino. Padura horiek herri lurrak ziren, eta bizilagunek askatasun osoa zuten bertan era askotako baliabideak ustiatzeko: arrantza, ostra zein izkiren bilketa, baita ihien mozketa ere, simaurra egiteko.

Zumaiako hiribildua, beraz, paduraz inguratutako lurmutur batean eraiki zen. Hegoaldean Odieta eta Ubea izeneko basadiak zeuzkan, Narrondorantz zihoan Errege Bideak zeharkatuta; denborarekin, errebal txiki bat garatu zen bidearen bi aldeetan, Torreberri inguruan. Hiribildutik iparrera, berriz, Ondartxoko eta Arrangoletako padurak zeuden, eta bertan zenbait ontziola. Horrez gain, Ardantza errekak ere hemen isurtzen zituen bere urak, egun Amaia plaza dagoen inguruan; puntu honetan zegoen herriko marea errota, eta hari lotuta Zubiaurreko errebala. Portu funtzioak egungo Erribera kalean kontzentratzen ziren, garai hartan ibaiertza hortxe baitzegoen.

Marea fluxuen arabera aldatzen zen paisaia horrek osatu zuen Zumaiaren oinarria hainbat mendez. XVIII.ean, aldiz, itsasadarraren itxura guztiz itxuraldatuko zen, basadi gehienak lehortu eta haien gainean polder edo erriberak eraiki zirenean, herriko laborantza lurrak zabaltzeko. Egungo Zumaia ezin da ulertu aldaketa horiek kontuan hartu gabe.


1794ko obra egin aurreko egoera (Zumaiako Udal Artxiboa, 66. kaxa).

Paisaia berri bat

Itsasadarreko basadiak lehortzeko lehen proposamenak 1709an egin ziren. Hala ere, proiektua trabatuta egon zen hainbat urtez, eta 1792an baino ez zuen aurrera egin. Urte hartan, Zumaiako Udalak eskaera aurkeztu zion Karlos III.a erregeari, basadiak lehortu eta jabe pribatuei saltzeko baimena eman zezan.


Agiri horretan azaltzen denez, Urola inguruko basadiak urpean gelditzen ziren itsasgoran, eta horregatik “antzu eta erabilgaitz” jo zituzten ordura arte; baina, herrian laborantza lurrak oso eskasak zirela ikusita, Udalak “dikeak eta bestelako defentsak” eraiki nahi zituen haien inguruan, ur gazia sartzea oztopatu eta nekazaritzarako lur berriak lortzeko, beste herri batzuetan egiten ari ziren moduan. Baimena 1793ko irailaren 3an iritsi zen, eta Jose Antonio Artzadun ingeniariari eman zioten proiektua diseinatzeko ardura. Lanak ordaintzeko dirua herriko bizilagun aberatsek aurreratu zioten Udalari, hurrengo urteetan drainatzera zihoazen lur berrien zati baten errentak jasotzearen truke.


1794ko lanen proiektua basadiak erribera bihurtzeko (Zumaiako Udal Artxiboa, 66. kaxa).

Egitasmoak guztiz itxuraldatu zuen Urolako itsasadarra

Lehenik eta behin, beharrezkoa izan zen Arroaerreka (Narrondo) kanalizatzea. Bitarte baserritik behera, erreka horrek bihurgune ugari eratzen zituen paduren artean, eta itsasgoran urak hartzen zuen inguru osoa. Hori saihesteko, kanal lerrozuzen bat induskatu zen Kantera baserriaren eta Odietako errebalaren artean; kanalaren bi ertzak malekoiz indartu ziren, eta Zubitxikia eraiki zen haren gainean, herrigunea Oikiako bidearekin lotzeko.


Zumaiako basadien ikuspegia, drainatzearen ondoren. (Zumaiako Fototeka)

Ondoren, Urola eta Arroerreka inguruan gelditzen ziren basadi guztiak egonkortzeari ekin zioten. Egitasmo nagusia Urolaren ezkerraldean kokatutako sailak lehortzea zen, Usurbiribillagatik hasi eta, Basusta mendia inguratuz, Kantera baserriraino zihoazenak. Hala ere, beste hainbat parajetan ere egin ziren lanak: Ubean, Odietan, Bonbillon, Jadarren, Basabeltzen, Bitarte eta Narrondotorre baserrien artean, eta Bedua inguruan. Prozesua gauzatzeko, honako elementuak eraiki ziren:

  • Dike edo lubakiak. Paduren inguruan eraikitako lur muntoak ziren, itsasoko ura barrura sar ez zedin. Dike horiek itsasgoran urak hartzen zuen maila baino bi oin garaiago izan beharko zuten, eta altuera hainako lodiera eduki. Gainera, kanpoaldean harrizko hormaz indartu beharko ziren, urak eragindako higadura gutxitzeko.
  • Drainatze zangak. Basadiak itsasadarreko uretatik isolatu ondoren, haien barnean zanga edo ubide sare bat irekitzen zen, euri urak kanalizatu eta lursailetik kanpora bideratzeko.
  • Tronpak. Dikeetan irekitako uhate edo konportak ziren. Haien funtzioa uhateek bideratutako ura jaso eta, itsasbeheran, Urolarantz ebakuatzea zen. Aldi berean, diseinu berezia zeukaten, kanpotik zetorren ura blokeatu eta itsasgoran basadiak lehor mantentzeko.


Basadizarreko lurretan lagina hartzen. 

Basadizar inguruan jasotako lur laginek argi eta garbi erakusten dute prozesu honek nola eragin zien paduretako sedimentuei. Mareekin batera periodikoki urpean gelditzen ziren lurrak izatetik, sedimentu horiek etengabe lehor egotera pasatu ziren, eta osagai organikoak galdu zituzten. Gainera, laborantzari lotutako zenbait praktikak (goldatzeak, ongarritzeak, kareztatzeak eta abar) beren arrastoa utzi dute lurzoruen gainazalean, sedimentuen osaeran eta testuran argi ikusten denez.

Lur berriak 1794an saldu ziren. 1796an lehen alorrak banatu ziren, eta 1800erako jada basadi guztiak baratzez estalita zeuden. Berandu gabe, Basadietako erriberak Zumaiako laborantza lur preziatuenak bilakatu ziren, paduretako sedimentuen emankortasunari esker. Bertan artoa, barazkiak eta fruta arbolak lantzen ziren, baita abereentzako belarra ere. Lubakien, zangen eta tronpen mantentzea auzolanean egiten zen, lursailen jabe guztiek osatutako batzorde batek kudeatuta.

Hala ere, lur horiek lehor mantentzeak ere bere lana zekarren. Izan ere, marea bizietan edota ekaitz handiren bat gertatzean, itsasoak bere espazioa berreskuratzeko joera erakutsi zuen behin baino gehiagotan. 1816an, adibidez, enbata batek dikeak hautsi zituen Pikariaga eta Puntanoeta izeneko parajeen artean, eta lursailak urpean gelditu ziren berandu gabe. 1820an Vicente Etxezarreta alkate ohiak bere poltsikotik ordaindu zuen dike eta zangen berreraikuntza, eta aurrerantzean brontzezko tronpak ezartzeko agindu zuen. Ordutik, paraje horiei Basadiberria deitu zitzaien; osorik mantendu ziren Usurbiribillagako alorrek, berriz, Basadizarra izena hartu zuten, eta horrekin dira oraindik ezagunak.


Urdinez: ur masak.
Zuriz: hondartzak.
Berdez: basadiak.
Horiz: basadiei irabazitako lurrak.
Morez: urbanizatutako lurrak.

Egungo Zumaiaren oinarrian

Basadien drainatzearen historiak argi islatzen du Zumaiak Urolako itsasadarrarekin izan duen harreman estu eta, aldi berean, aldakorra. Herbeheretako, Britainia Handiko edota Frantziako polderrekin gertatu zen bezalaxe, hemen ere nekazaritzarako espazio berriak lortzeko beharra izan zen itsasadarrari lurrak hartzea eragin zuen faktore nagusia, eta ordura arteko ustiapen estentsiboak (arrantza, ostra edo izkira bilketa, ihi mozketa) ordezkatu zituen. Baina, aldi berean, prozesu hori dago egun estuarioak daukan itxuraren oinarrian, azken mende eta erdiko hedapen urbano eta industrialerako espazioa sortzea ahalbidetu baitzuen.

XIX. mendearen amaieraz geroztik, Basadietako nekazaritza ustiapena beste erabilera batzuen mesedetan desagertzen joan zen. 1884an, Getaria-Zumaia errepidea ireki zen, Santiagoko padura eta Basadiberria Zubiaundi izenekoaren bidez lotuz. 1901ean, berriz, trenbidea iritsi zen Zumaiara. Ondorengo hamarkadetan, bi azpiegitura horien inguruan eraikin berriak altxatzen joan ziren (etxeak, tailerrak, portuko lonja, tren geltokia eta abar); horixe izan zen Patxita Etxezarreta kalearen sorrera unea, eta Basadiberrien urbanizazioaren abiapuntua. Egun, antzinako baratzeak guztiz desagertuta daude, Basadi, Aita Mari eta Alai auzuneek ordezkatuta.

Hala eta guztiz ere, han eta hemen sakabanatuta badira Zumaian basadien lehortzeari lotutako polder paisaia berezi haren arrastoak: Narrondotorre eta Bitarte baserrien inguruan, Beduako irlan eta, batez ere, Basadizarrean. Bertan, Usurbiribillagako irlek osatutako padura naturaletik metro gutxira, lau hektarea inguruko erribera bat kontserbatzen da oraindik, lubaki perimetral batek itxita eta zanga sistema erradial baten bidez drainatuta. Garrantzi historiko nabarmena duen eta Zumaiako ondare kulturalaren parte den elementu ezezaguna, inondik ere.