TAOren ordenantza aldatzeari behin behineko onarpena eman dio plenoak

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 29a, 11:21

Zumaiako aparkalekuen araudia aldatzeko lehen pausoa eman zuen atzo udaleko urtarrileko ohiko bilkurak. TAOren ordenantza aldatzea onartu zuen plenoak EH Bilduren aldeko botoekin; EAJ eta PSE-EE aurka agertu ziren. Aldaketa behin behinekoz onartu ondoren, helegiteak aurkezteko epea zabalduko da, eta ezustekorik ez bada martxoaren amaierarako araudi berria onartuta egotea espero da.

Gaia aurreko egunetan komunikabideetara eraman ondoren (EAJko udal taldearen idatzia eta Udal Gobernuaren erantzuna), TAOren ordenantza aldatzeko proposamena urtarrileko ohiko plenoan aztertu zen, atzo. Osasun neurriak direla eta, pleno murriztua izan zen eta EH Bilduko bost zinegotzik, EAJko hiruk eta PSE-EEko bakarrak parte hartu zuten. Beste zinegotzi batzuk entzule bezala egon ziren bilkuran.

Aski ezaguna da Zumaian aparkatzeko arazoak daudela, eta hori erregulatzeko TAO sistema jarri zen indarrean herrian 2017. urtean. Ordutik aldaketak izan ditu araudiak –2018an egin zen lehen aldaketa–, eta atzo plenora eramandakoa bigarrena izango da. 2019an abiatu zen ordenantza bigarrengoz aldatzeko prozesua, baina gobernu aldaketa bat hasteko, eta pandemia bat ondoren, prozedura luzatu egin da. Egungo udal gobernuak urrian berrabiatu zuen ordenantza aldatzeko prozesua. Atzo plenora eramandakoa “inkestekin, iritziekin eta azken hiru urteetan egindako saioetan jasotako ekarpenekin osatutako zirriborroa” dela azaldu zuen Alex Oliden zinegotziak.

Ordenantzaren aldaketa honekin, “ohitura osasuntsuak sustatzea eta herri barruko auto desplazamenduak ekiditea” daudela adierazi zuen Olidenek. “Komeni da martxoaren 31ko osoko bilkuran behin betiko onarpena ematea”, azpimarratu zuen, “edozein dela bizi dugun egoera, eta egoera hori ona izango delakoan, martxan egoteko”.

Aldaketak

Aurreko ordenantzarekin alderatuta, aldaketa nagusiak hauek dira:

Epeak

Hiru epe desberdin izango dira:

  • Uda garaikoa: ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egunero izango da sistema martxan.
  • Udaberri eta udazkenekoa: martxoaren 15etik ekainaren 14era, eta irailaren 16tik azaroaren 4ra bitartean asteburutan eta jaiegunetan aparkalekuak erregulatuko dira. Egoiliarrentzako guneak indarrean izango dira eremu guztietan. Errotazio handiko guneak indarrean izango dira; errotazio ertainetako guneetan, berriz, aparkatzea libre izango da, baina ezin izango da bertan 24 ordu baino gehiago jarraian egon.
  • Negukoa: azaroaren 6tik martxoaren 14era aparkatzea libre izango da, errotazio handiko guneetan izan ezik: Txomin Agirre kaiko eta Amaiako plazako guneetan aparkatzea erregulatuko da neguan.

Ordutegia

10:00etatik 20:00etara bitartean izango da sistema martxan errotazio ertaineko guneetan zein errotazio handikoetan, anbulatorio aurreko errotazio handiko gunean izan ezik: gune honetan 08:00etatik 17:00etara bitartean aplikatuko da, astelehenetik ostiralera; gainerako egunetan aparkatzea libre izango da.

Errotazio handiko guneak

Lehen ordu eta erdiz aparkatzea zegoen; ordenantza berriarekin hiru orduz aparkatu ahal izango da. Herritarrentzako lehen ordu eta erdia doan izango da, eta beste ordu eta erdia ordaindu beharko dute. Lehen ordu erdia doan izango da herritarrentzako zein kanpotarrentzat.

Txomin Agirre kaian, Zubitxikitik Arranpla aldera, birabusa arte, ibaiertzeko gunea errotazio handiko gunea izango da. Birabusetik Arranplara arteko gunea, berriz, bertakoentzako izango da. Amaiako plazako eta anbulatorio aurreko guneak ere errotazio handikoak izango dira. Txomin Agirre kaian, bidearen beste aldea, bertakoentzako izango da.

Alai auzunean, 40 autorentzako errotazio handiko gunea atonduko da, eta Eroski aurreko gunea bertakoentzako izango da.

Ordutegiz kanpo, errotazio handiko guneak aparkaleku libreak izango dira.

Errotazio ertaineko guneak

Lau gune izatetik hiru gune izatera pasako da: Axular ibiltokia, Sagarbide eta GKN ingurukoa eta Itsas kiroldegi parekoa. Laugarrena, Julio Beobide ibiltokia, bertakoentzako izatera pasako da. 

Ardantzabide

Ardantzabidek ez du tratamendu berezirik izango. Epe jakinetan bakarrik egongo da aparkalekuen erregulazioa indarrean, ez urte osoan.

Julio Beobide ibiltokia

Errotazio ertaineko gunea izatetik (sei orduko iraupenarekin) bertakoentzako pasako da. Erregulazio sistema indarrean den garaian bertakoek bakarrik aparkatu ahal izango dute bertan. Birabusetik Arranplara bitarteko gune txikia ere bertakoentzako izango da.

Langileak, autonomoak eta gremioak

Zumaian erroldatuta ez daudenek baina bertan lan egiten dutenek uda partean aparkatzeko bereizgarria eskatzeko aukera izango dute. Bereizgarriak egonaldi ertaineko honako azpi-zonetan aparkatzeko aukera emango du: Itsas kiroldegia, Axular ibiltokia eta GKN.

Kanpoko gremioetako langileek ere tiketa ateratzeko aukera izango dute udaldian bertakoen guneetan aparkatzeko.

Autokarabanak

Ibilgailu hauentzako ordenantza lantzen ari dira. Hasiera batean, lekuz aldatuko da gunea, eta ordainpekoa izatea aurreikusten da.

EAJren eta PSE-EEren ezezko botoa

Behin proposamena aztertu ondoren, oposizioko alderdiek beraien iritzia eman zuten. Biek ere gaia bilkurako gai zerrendatik ateratzea eskatu zuten.

Jeltzaleen arabera, plenora eramandako ordenantzaren proposamena “presaka” landutakoa izan da. “Behar bezala ez dela landu pentsatzen dugu”, esan zuen Oier Korta bozeramaileak. “Ordenantza berriak jasotzen dituen aldaketak handiak dira, eta horregatik, hain zuzen, ezin da landu mahai tekniko-politikoan bakarrik”. Kortaren esanetan, “presaz landutako ordenantza aurkezten da, hirigintzan diktaminatu gabe. Ordenantza fiskaletako aldaketa ere ez ogasunean ez hirigintzan ez mahai teknikoan ez dira landu ezta informatu ere”. “Ordenantza bozkatzera pasatzeko gehiengo osoa duzue, baita onartzeko ere, baina bizi dugun egoera kontuan izanda, eta lanketa sakonago bat behar duela sinesten dugulako, gai zerrendatik ateratzea eskatzen dio EAJ udal taldeak gobernuari”, amaitu zuen EAJko bozeramaileak.

Proposamena diktamena jaso gabe heldu zela plenora berretsi zuen PSE-EEko Arritxu Marañonek. “Egia da diktamenik gabe etorri dela plenora, eta batzordeetatik pasa gabe. Dokumentazio osoa izatearen aldekoa naiz ni. Horregatik, denbora badago, behintzat, gaia atzeratzearen aldekoa naiz; mahai gainean uztea eskatzen dizuet, eta behar bada ezohiko pleno bat deitu daiteke gaia aztertzeko”, azaldu zuen sozialisten bozeramaileak.

“Ez da gure gustukoa diktaminatu gabeko gaiak hona ekartzea, baina herritarrek duten behar bat da hau, eta epe administratiboak bete behar badira, ekarri behar izan dugu”, erantzun zien Alex Olidenek. Proposamena onartzea eskatu zuen jarraian. “Helegite epea zabalik egongo da. Baina gure buruari tresna bat eman behar diogu garaiz ibiltzeko, eta lanak eginda izateko”, gaineratu zuen.

Esan bezala, proposamena EH Bilduren aldeko bost botoekin onartu zen, eta EAJ (3) eta PSE-EEk (1) aurka bozkatu zuten.