'Perfumes' eta 'Mi amigo pony' filmak emango dira asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 29a, 09:26

Helduentzako eta haurrentzako pelikula bana emango da asteburu honetan Aita Mari zinean: Perfumes eta Mi amigo pony.

Grégory Magne zinemagile frantziarraren filma da Perfumes. Anne Walberg perfumeen munduko izarraren eta haren gidari berriaren inguruko komedia da. Walberg jainkosa bailitzan bizi da, eta Guillaume izango da aurre egingo dion bakarra. Eta hain zuzen horrexegatik ez du kaleratuko gizona. Bi munduren arteko talka dibertigarri bezain zentzugabea. Emmanuelle Devos eta Grégory Montel dira filmeko aktore nagusiak, eta sorterrian kritika onak izan ditu filmak.

Ostiralean, igandean eta astelehenean emango da, 19:00etan.

Haurrentzako proposamena ere izango da asteburu honetan: Mi amigo pony. Hamar urteko Cecile Paristik Frantzia hegoaldera joango da amarekin, baina herriko haurren taldean bertakotzea ez da erraza izango. Zirku ibiltari bat helduko da herrira, eta bertako izarra den Poly poneya tratu txarrak jasaten ariko den ikusiko du Cecilek. Bada, haren ihesa prestatuko du.

Igandean emango da filma hau, 16:30ean. Hona hemen trailerra.