10.111 biztanle zituen Zumaiak 2020. urte amaieran

Julene Frantzesena 2021ko urt. 28a, 15:00

2020aren amaieran, 10.111 biztanle zituen Zumaiak, 2019an baino hamahiru gehiago. Zumaian ez ezik, Euskal Herriko, Gipuzkoako nahiz Urola Kostako biztanlerian ere gorakada izan da.

10.000 biztanleko langa pasatu zuen Zumaiak 2018. urtean, eta bi urte geroago langa horretatik gora jarraitzen du. 2019an 10.098 biztanle zituen herriak, eta 2020an, berriz, 10.111; hau da, iaztik hamahiru pertsona gehiago bizi dira Azpeitian. Azken urteetako igoerarik txikiena izan zen iazkoa.

9.581 bizilagun zituen Zumaiak 2012. urtean, eta ordutik igotzen joan da: 9.626 2013an, 9.734 2014an, 9.798 2015ean, 9.840 2016an, 9.979 2017an, 10.044 2018an –urte horretan pasatu zen 10.000 biztanleko langa–, 10.098 2019an, eta 10.111 2020. urte amaieran. Gaur egun 5.087 emakume eta 5.024 gizon bizi dira Zumaian. 10.11

Hamarkadako hazkunde handiena

Euskal Herriak 3.152.218 biztanle ditu gaur egun. Hala jakinarazi du Gaindegiak, estatistika erakundeek argitaratutako datu berrietan oinarrituta gauzatu duen eskualdeen argazki sozioekonomikoaren azterlanean. Duela urtebete baino 22.622 biztanle gehiago ditu Euskal Herriak, hau da, ordutik 0,71 puntu igo da biztanleria, eta azken hamarkadako hazkunderik handiena da azken urtebetean eman dena –azken sei urtetan gora egin du kopuruak–.

Herrialdekako datuei erreparatuta, berriz, Euskal Herriko herrialde guztietan igo da biztanle kopurua, Zuberoan izan ezik. Gaindegiak azaldu duenez, igoera horren arrazoi nagusia Euskal Herritik kanpo jaiotako pertsonen etorrera izan da; izan ere, jaiotze tasak apala izaten jarraitzen du. Gainera, horri esker, gaztetu egin da euskal gizartearen egitura demografikoa. Gipuzkoan, esaterako, 727.121 lagun bizi dira egun, 2019an baino 3.545 pertsona gehiago.

Eskualdez eskualde aldeak nabarmenak dira, baina Gaindegiak emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 urteen artean Gipuzkoako bailara guztietan egin zuen gora biztanleriak –behera egin dute, besteak beste, Arabako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroa Garaiko hainbat eskualdetan–. Biztanleria gehien hazi zen Gipuzkoako eskualdea Urola Kosta izan zen. Hain zuzen ere, 75.751 lagun bizi dira eskualdea osatzen duten 11 herrietan, 2008an baino %6,5 biztanle gehiago. Hazkundeari erreparatuta, Tolosaldean ere igoera nabarmena izan zuen biztanleriak (%5,7); aldiz, hazkunde txikiena Debagoienak izan zuen (%1,3). Datu horiei erreparatuz gero, Gipuzkoako zazpi eskualdeetatik hirugarren populatuena da Urola Kosta: aurretik ditu Donostialdea (330.169 biztanle) eta Bidasoa Beherea (79.991 biztanle).

Eskualdea aztergai

Espainiako Estatistika Institutuak urtearen hasierarekin argitaratutako datuen arabera, Urola Kostan 76.405 pertsona bizi ziren 2020an, aurreko urtean baino %0,5 gehiago (75.998 ziren orduan). Azpeitian ez ezik, herri gehienetan egin du gora biztanle kopuruak, Aian (-15), Errezilen (-7) eta Getarian (-25) salbu. Gora egin du biztanleriak Aizarnazabalen (+7), Azkoitian (+94), Beizaman (+3), Orion (+69), Zarautzen (+37), Zestoan (+61) eta Zumaian (+13).