Gazte kriminalizazioa: hedabideen papera eta kontrol sozialaren gorakada

Erabiltzailearen aurpegia Alaia Hernandez 2021ko urt. 27a, 15:19

Ohikoena den ulerkeraz harago, dependentzia eta ziurgabetasun ekonomikoa ez al dira askatasun ezaren adierazpenak? Eta, era berean, oinarrizko eskubide eta askatasunen etengabeko urraketa bizitzen ari garen honetan, ez ote garamatzate gizarte eredu autoritario eta pobreago baterantz? Gazte Koordinadora Sozialistak ikasturte hasieran eginiko irakurketak zioen moduan, biak bereizezinak dira: askatasun eza probrezia da eta pobrezia askatasun eza.

Eredu sozioekonomikoan eragindako sakoneko aldaketez gain, egitura sozial, kultural eta juridikoan ere aldaketak dakartza krisi testuinguruak. Hala ere, norabide horretan bultzatuko diren neurriak aztertzea bezain garrantzitsua da, nire iritziz, egunerokoan gure ikuspuntua moldatzen duten eta aldaketa horien aplikazioa errazten duten mekanismoak identifikatzea. Begibistakoa da gazteria bete-betean harrapatzen duela horrek. Izan ere, azken hilabeteetan, pandemiaren harira, gazteriaren kriminalizazioa nabarmen areagotu da. Masa-komunikabideetan gazteon irudi estereotipatua saltzen digute gau eta egun, arduragabe moduan kalifikatzen gaituztelarik. Agintari politikoek ere, gazteoi egotzi digute etengabe kasuen gorakadaren ardura, euren erantzunkizuna albo batera utzi nahian. Ez dute aipatzen, ordea, gazteria langilea errealitatean ezaugarritzen duen bizi-eredu ziurgabea. 2020ko bigarren hiruhilekoan 16 eta 29 urte arteko gazteen %32’9a bakarrik (2019an, %43’3) ari zen lanean EAEn, eta lanean ari zirenen %29’8ari eragin diote Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteek (gazteleraz ‘ERTE’). Bestalde, ez dute aipatzen ezta ere soilik %16’1a dela emantzipatzeko gaitasuna duena, eta kasu horietan, soldataren %94’4a bideratu behar dugula alokairua ordaintzera. Finean, ez dute aipatzen ziklo sozioekonomiko berriaren ezaugarri izango den pobrezia eta askatasun eza. 
 
Ikuspegi partziala eta desitxuratua soilik eskaitzen digute, praktika konkretu batzuk orokortuz eta bertatik gazteriaren iruditegi jakin bat zabalduz. Iruditegi negatibo hori hedatzearen bitartez, kontrol sozialaren eta errepresioaren gorakada justifikatzeaz gain, normalizatu egiten dute: presentzia polizialaren zein kameren areagotzea, erabakien arbitrariotasuna, oinarrizko eskubideen urraketa… Iritzi publikoan, geroz eta zilegiago diren joakerak bilakatu dira. Egoera honetan, gazte ugari dira identifikazio arbitrarioak, isunak edo zenbait oinarrizko eskubideren ukapena euren azaletan sufritu behar izan dituztenak; eta egoeraren bidegabekeriaren ondorioz, euren amorrua azalerazi dutenak. Baina, beharrezkoa da haserrea antolatzea, bizi dugun garaiaren irakurketa kritikoa egiteko baliabideak garatzea eta gorrotoaren inpotentziatik antolakuntzaren potentziara igarotzea.
 
Argi dago burgesiak, etorkizuneko perspektiba galdu gabe, etengabe belaunaldi berrien gaineko esku-hartze kultural zein ekonomikoa bultzatzen duela. Esku-hartze hori, ordea, ezin dezakegu modu isolatuan ulertu; burgesiak abiatu duen ofentsiba orokorraren baitan kokatzea ezinbestekoa da. Ofentsiba horren parte dira, besteak beste, gazteria langileak kapitalarentzat subjektu debaluatu bezala jokatzen duen papera edota pandemiaren testuinguruan aregotu den gazte kriminalizazioa. Nire iritziz, begibistakoa da gaur egun gazteria langileari inposatzen zaizkion pentsamolde kulturala, bizi-eredua eta baldintza ekonomikoak etorkizun (hurbil) batean langile klasearen osotasunera hedatzeko asmoa duela burgesiak, eta horretarako mekanismoak martxan jarri dituela jada.
 
Gauzak horrela, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu eskubide zibilak bermatzeko, askatasun politikoak defendatzeko eta neurri diziplinarioen zilegitasuna kolokan jartzeko mekanismoak garatzea. Eta, nola ez, norabide horretan mobilizatzea. Hala, antolakuntza komunistaren aldeko hautua berresten dugu; borrokatu ezean, ez baitugu askatasun indibidual ez kolektiborik izango.
 
Gazte langileon interesen alde, batu borrokara!