Herriko hainbat kirol instalazio erabil daitezke txanda hartuta

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 25a, 17:31

Aitzuri frontoia, kiroldegiko pista, futbol zelaia nahiz padel eta tenis pista erabiltzeko aukera izango dute hiru egun lehenago txanda hartzen dutenek. Norbanakoek edo bizikidetza unitate berdineko pertsonek egin ahal izango dituzte erreserbak eta, Aitzuri frontoia erabiltzeko, errenta ordaindu beharko da.

Momentuz, kirol elkarteek debekatuta dute entrenamenduak egitea; hortaz, haiek martxa hartu bitartean, erreserba bidez erabili ahal izango dira herriko hainbat kirol instalazio. Hain zuzen, Aitzuri frontoia, kiroldegiko pista, futbol zelaia nahiz padel eta tenis pistak egongo dira erabilgarri eta, txanda hartzeko, hiru egun lehenago deitu beharko da kiroldegira. Aitzuri frontoiaren kasuan, errenta ordaindu beharko da joan ahal izateko.

Zumaiako Udalak gogorarazi duenez, taldekako kirol jarduerak debekatuta daude 500etik gorako intzidentzia tasa duten herrietan, Zumaian kasu. Hala, norbanakoek edo bizikidetza unitate bereko kideek baino ezingo dituzte aipatutako kirolguneak erreserbatu eta erabili.

Hona hemen instalazio bakoitzean izango den ordutegia eta, frontoiaren kasuan, erabiltzeko ordaindu beharreko prezioa:

  • Aitzuri frontoia: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:45era. 13,20 euro ordaindu beharko dira kantxa erabiltzeko eta, argia behar izatekotan, 3,55 euro garestituko da prezioa.
  • Kiroldegiko pista: astelehenetik ostiralera, 16:30etik 17:30era eta, asteburuetan, kiroldegiko ordutegian. Ezingo da argia piztu.
  • Futbol zelaia: astelehenetik ostiralera, 16:30etik 17:30era eta, asteburuetan, kiroldegiko ordutegian. Ezingo da argia piztu.
  • Padel eta tenis pistak: kiroldegiko ordutegian. Ezingo da argia piztu.