Zaintza esparruko sektorean greba deitu dute biharko ELA eta LAB sindikatuek

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 25a, 11:40
Argazkia: Urola Kostako ELA.

Zaintza profesionalizatua, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa aldarrikatuko dute bihar, asteartea, zaintza sektoreko langileek. ELA sindikatuak azaroaren 17an ere deitu zuen greba, eta dinamika horri eutsiko dio "zaindua izateko eskubidea bermatuko duen eta zaintzaileak zainduko dituen eredua" erdietsi artean.

ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute lan merkatuan egoera kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan. ELAk jakinarazitakoaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 40.000 langile deitu dituzte greba egin eta zaintzaren publifikazioa eskatzeko mobilizazioetan parte hartzera. Zaintza profesionalizatua, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa aldarrikatzeko hartuko dituzte kaleak: “Jakina da zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daudela, enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantziatuta”, azaldu du ELAk. “Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek” nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea?”, gaineratu du sindikatuak. 

“Jadanik agortutako zaintza ereduak” bere mugak inoiz baino argiago erakutsi ditu pandemiaren testuinguruan, ELAren arabera. Sindikatuak aipatu du zaintza eredu honek “gaixotu eta hil” egiten duela, eta beharrezkoa dela sistema desmerkantilizatzea. “Zaintza sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duin eta integrala izan dezaten biziaren ziklo desberdinetan, jaiotzetik heriotzeraino. Zaintza eredu honen oinarriak izan behar dira hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua”, galdegin dute. Sektorearen publifikazioa eskatzeaz gain eskatuko dituzte azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, profesional gehiagoren kontratazioa eta lanaldia % 100era luzatzea, genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak, zuzeneko arretaren ratioak hobetzea eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hastea, lan osasuna bermatzeko neurri egokiak eta langileen osatze emozionalerako plana. 

“Aliantzak ehuntzeko unea”

Bihar kaleak partekatu nahi dituzte “zaintzaren gaiarekin ardura duten eragileekin”, besteak beste, etxeko langileen elkarteekin, mugimendu feministarekin, zaintza esparruko senideen elkarteekin zein pentsionisten mugimenduarekin. “Aliantzak ehuntzen jarraitzeko unea” dela uste du ELAk, baita gizarteak “une historiko honen” kontzientzia hartu eta urrats bat aurrera egitekoa ere. “Hori da gizarte justuagoa lortzeko modua, non giza-eskubideak beste edozein interesen gainetik kokatuko diren. Bizia erdigunean izatea ez dadin eslogan hutsa izan, bizitzak kapitalari gain hartu diezaion”, gaineratu dute.