Talde egonkorrekin hasi dute denboraldia Telmo Deuneko traineruek

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 25a, 11:00

Aurreko denboraldia bezala, oraingoa ere pandemiak eta haren bueltako protokoloek markatuko dute hein handi batean. Dena den, klubeko bi talde nagusiak gogotsu ari dira lanean, eta iazko ia arraunlari guztiek jarraituko dute bai emakumezkoen traineruan, bai gizonezkoenean.

Iazko denboraldia bezala, aurtengoa ere zailtasunez betetakoa izango da arraun klubentzat, baita Telmo Deuneko arraunlarientzat ere, pandemiak erabat baldintzatuko duelako beren jarduna. Kike Manterola eta Iñaki Larrañaga entrenatzaileek hala azaldu dute hedabide honek galdetutakoan. Dena den, normaltasunez ari dira entrenatzen oraingoz. Taldeak ere iazko ia berberak dituzte, Kike Manterola nesken entrenatzaileak esan duenez: "Nahiko normal hasi dugu denboraldia, iazko ia talde berarekin. Bizpahiru baja egon dira, berriren bat etorri da, baina gehienek jarraitzen dute. Taldea ondo osatuta dugu, eta lanean ondo ari gara, gustura gaude". 22 arraunlarirekin hasi da lanean, eta aurrerago aukeraketa egin beharko du. Manterolak azpimarratu du "ilusioz" ekin diotela lanari. 

Helburuez hitz egiteko goizegi deritzo, "denek nahi dutelako goian ibili eta Euskotren Ligara igotzeko txartela eskuratu". Azken bi denboralditan txartelaren bila ibili dira: orain bi play-offak jokatu zituzten, eta azken denboraldian play-offa jokatzeko atarian gelditu ziren puntu bakarragatik. "Azken bi urteetan lehen hiru postuetan ibili gara, eta aurten ere hori nahiko dugu, baina besteak ere prestatzen ariko dira, eta aber; lana ondo egin behar", esan du. Talde berri bat izango dute ligan: Zarautz. Emakumezkoen trainerua atera dute haiek aurreneko aldiz.

Sentsazio onak ditu Larrañagak ere, gizonezkoen entrenatzaileak: "Iazko ia talde osoa mantentzen dugu, pare bat baja eta pare bat alta bakarrik eduki ditugu. Denboraldi hasiera pixka bat nahasia ari gara izaten COVID-19agatik ezarri dituzten protokoloen ondorioz, baina gainerakoan nahikoa ondo hasi dugu" . Gainera, gogoratu du aurreko denboraldian "esperientzia pixka bat hartu" zutela pandemiari dagokionez.

Larrañagak argi du aurtengo helburua zein den: "Iaz baino azkarrago ibiltziea da helburua. Izan ere, jende gaztea daukagu, eta horiek urtetik urtera pausoa eman behar dute, bai fisikoki, bai teknikoki, eta baita arraunketako bloke gisa ere. Gero, aurkariek ematen duten mailaren araberakoa izango da gure postua, baina helburua iaz baino azkarrago ibiltzea da", azpimarratu du.