“Pandemiagatik baino gehiago, beste faktore batzuengatik ari dira aldatzen irakurketa ohiturak”

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 25a, 08:24

Oñatiarra jaiotzez, Zumaian bizi da Lander Irizar eta produkzio arduraduna da Elkar argitaletxean. Elkarrizketa hau abenduko Baleike aldizkarirako egin genuen, ezohiko Durangoko Azokaren atarian.

Elkarrizketa amaitu eta berehala argitaletxeen munduan 20 urte baino gehiago daramatzala gogoratu du Lander Irizarrek (Oñati, 1973). Elkar argitaletxean egiten du lan, produkzioko arloan. “Normalean ez ditut liburuak irakurtzen, ez ditut diseinatzen, baina bai lanak koordinatzen”. Autoreak, sortzaileak, bere lana entregatzen duenetik erosleak eskutan duen unera arteko lanak gainbegiratzea da bere lanetako bat.

Oñatiarra jaiotzez, Zumaian bizi da “azken hamabi edo hamahiru urteetan”. Durangoko Azoka abiatu baino bi aste lehenago izan dugu hizketaldi hau eta, nola ez, euskal kulturaren erakusleiho nagusia da elkarrizketan ateratzen den gaietako bat. “Urtero 400 bat nobedade aurkezten dira Euskal Herrian udazkenetik aurrera. Hori kristorena da. Aurten ez da halako kopururik izango, baina, hala ere, kopuru handiak izango dira”.

Elkar argitaletxean egiten duzu lan, baina zehazki zer arlotan?

Produkzioko departamentuan. Editore batek testu bat irakurri edo jaso, edota musikatik erabakitzen denean disko bat aterako dela, etxe barruko dinamikan sartzen da. Dinamika horretan, originala sartzen denean editatu egin behar da, autorearekin kontrastatu, diseinatu, maketatu, erabaki zer bildumatan sartuko den, inprentara bidali, merkatura atera, arlo komertziala aktibatu... Horren guztiaren tempoa eramaten dut. Eta gero inprimategiaren segimendu zuzena, aurrekontuak, tiradak, prezioak.

Elkarrizketa hau egiten ari garen momentuan [azaroaren 19an egin genuen] bi aste falta dira Durangoko Azoka hasteko. Urte normal batean, une hauek zoramena izango ziren, ezta?

Bai, bai. Aurtengo urtea berezia izaten ari da, baina bestela zoramena izango zen. Egia da, baita ere, argitaletxeak aldatzen joan garela. Garai batean, inprimategitik zuzenean Durangora eramaten genituen liburuak; beharrak hala eramaten gintuen. Orain, denok lanak hobeto egiten ditugunez, piko handia izaten dugu, baina gure produkzioa lasaiago eramaten dugu. Hori produkzio aldetik. Baina promozio aldetik bai izaten da zoramena. Aurkezpen pila bat izaten da, eta azaroan egunero daude liburuen eta diskoen aurkezpenak. Komunikabideekin elkarrizketak ere lotu behar izaten dira. Orain lanak gehiago banatzen ditugu, eta merkatura ere modu orekatuagoan heltzen dira. Guk urtea bitan banatzen dugu: udaberria eta udazkena; udaberrian produkzioko zati bat argitaratzen dugu, eta udazkenean bestea. Eta udazkenekoa ez dugu uzten Durangoko bezperetarako. Irailean hasten gara nobedadeak argitaratzen, eta horrek azaroraino edo abenduraino ere irauten du.

Bestela gerta daiteke tsunami horren barruan liburu edo disko asko galtzea, inor ez ohartzea atera direla ere.

Asko galtzen dira hor, eta lan onak ere bai. Idazle hasiberrienak, adibidez. Proiektu on asko galtzen dira, merkatuak horiek guztiak hartzeko gaitasunik ez duelako. Garena garelako, gure merkatua dena delako. Produkzio asko dago, eta liburu asko oihartzunik gabe pasatzen dira. Pena da hori, baina tsunami horrek horretara eramaten gaitu.

Lehen Durangon saltzea edota erostea primatzen zen; orain Durangon autorearekin egoteari ematen zaio garrantzia. Autorearen sinadura lortzea da kontua; idazlearekin edo musika taldearekin argazkiak ateratzea. Durangok hori ematen du, autorearekin gertutasuna, autore beraiek predisposizioarekin doazelako.

Proiektu on asko galtzen dira, merkatuak horiek guztiak hartzeko gaitasunik ez duelako. Garena garelako, gure merkatua dena delako

Promozioa dela eta, gogoan dut orain urte batzuk Petti musikariarekin hizketan ari nintzela, hark zioen berak abestiak egiten dituela eta promozioa ez zela bere ardura.

Hori ere aldatzen ari da. Gure kasuan ez, baina estatuko argitaletxe handietan bai. [Arturo] Perez Reverte batek milaka liburu saltzen zituen, eta promozioa Madrilen edo Bartzelonan egiten zuen, hoteletan, eta kazetariek hara joan behar izaten zuten. Orain Perez Revertek ez ditu milaka liburu saltzen, eta bere kontratuan jartzen du aurkezpena egitera joan behar duela Bilbora edo beste hiri batzuetara, eta ez bakarrik Madrilera edo Bartzelonara.

Euskal Herrian, noski, beste dimentsio bat dugu, baina dimentsio horretan konplizitate gehiago eskatzen zaio idazleari edo sortzaileari, komunikabideekin edo irakurleekin egoteko.

Nola ari zarete bizitzen aurtengo Durango arraro honen bezperak?

Aurten Gerediagatik [Durangoko Azokako antolatzailea] asko kostatu da erabakitzea zer-nolako azoka egingo zen. Azoka fisikoa beti izan da, eta beti bultzatuko da; horrek du garrantzia eta indarra. Baina fisikoaz gain, online salmenta egotea ere nahi zuten antolatzaileek. Azkenean azoka fisikoa atzera bota dute, baina orain gutxi. Hor geratu gara denok deskolokatuta; online izango zela bagenekien, baina online horren dinamika ez genekien. Azkeneko bi aste hauetan nahiko zoratuta ibili gara. Durangon, guk jartzen dugu standa, eta gai gara bezperan liburuak inprentatik jaso eta zuzenean eraman, saldu, eta sobratzen dena berriro argitaletxera eramateko. Online salmenta horrekin, berriz, salgai jarriko diren liburuak azaroaren 15erako sistemara igota egon behar zuten, plataforma batera, katalogoa sortzeko.

Aukera desberdinak aztertu dira, baina Gerediagak abenduko zubiko azokako zentralitatea mantendu nahi izan du. Logikoa ere bada. Webgune bat sortu dute, denda izango dena, eta guk, argitaletxeok elikatu dugu, gure katalogoa eta materiala igoz. Salmenta, gero, beraiek egingo dute. Azokak irauten duen denbora horretan, abenduaren 4tik 8ra, online denda hori martxan izango da. Nobedadeak egongo dira, baita argitaletxe bakoitzaren fondoko liburuak ere, baina, azken horiek esanguratsuak bakarrik. Bestela, kudeatzeko arazoak izango lituzkete beraiek.

Durangoko Azokaren irudia ezaguna da: standak eta pasilloak jendez gainezka. Aurten dinamika erabat bestelakoa izango da. Zuk uste duzu erosleak prest daudela liburuak, diskoak, online erosteko?

Zalantza handiak daude. Bi ikuspuntu egon daitezke. Batetik, jendea Durangon ohituta dago bertara joatera, masifikaziora, uste baino gauza gehiago erostera. Hortik, ordenagailu baten aurrean eseri eta webgune baten bidez erostera pasako gara. Nabigagarritasuna ere auskalo nolakoa izango den. Hor batetik pentsa daiteke mugimendu gutxi egongo dela. Baina, gero euskaldunok badugu egoera txarretan, gogorretan, bultzada emateko sen hori. Bide hori jorratzen bada, salmenta izango da, baina ez da izango inola ere Durangoko Azokak ematen duen salmenta horietako bat.  

Fakturazio aldetik, Elkar bati zer suposatzen dio Durangoko Azokak?

Gu bezalako argitaletxe batentzat pisua du Durangok, baina ez ehuneko handi bat. Baina argitaletxe txiki batzuentzat bai. Hor badaude estatistika batzuk, eta argitaletxe batzuen fakturazioaren % 22 edo % 24 ekar dezake.

Salmenta fisikoa desagertzeak zulo galantak sor ditzake...

Klaro. Eta gainera urte hasieran egiten duzun planean ziurtzat jotzen duzu Azoka egongo dela, salmenta horiek izango dituzula, diru hori helduko zaizula; horrekin kontatzen duzu. Durangoko salmenta jaisten ari da, dena jaisten ari den bezala. 2008ko garaitik, orduko krisialditik, dena ari da jaisten; kulturan, behintzat. Baina, fakturaziotik kanpo, han egon behar da. Euskal kulturaren erakusleiho handi bat da; Azoka baino gehiago da zentzu askotan. Ikuspuntu komertzial eta merkantila badauka, noski, eta eduki behar du, baina guk urtean argitaratu dugun hori, edo urteetan egin dugun hori erakusteko, eta jendeak ikusteko balio du.

Aurtengo Durangok hiru funtzio beteko ditu. Batetik, online salmenta dago, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Bestetik, Durangok bazuen autoreen eta jendearen arteko gertutasun hori. Hori ezin denez egin, jendeak ezin duenez elkartu, hiriburuetan zuzeneko aurkezpenak egingo dira Azokaren egunetan. Hirugarren funtzio bat ere bada aurten: Azoka amaitutakoan, jarraipen bat izatea Euskal Herriko liburu dendetan; hau da, Durangoko Azokari atxikimendua egitea liburu dendek keinu bat bezala. Atxikimendu horren bidez, liburu dendek, izan txiki, ertain edo handi, Durangoren amaieratik Gabonak arte presentzia emango diote euskarazko liburuei. Gertatzen dena da Ken Folletten liburu bati, adibidez, presentzia handia ematen zaiola, eta euskarazkoak ez direla ikusi ere egiten. Euskal produktuek ikusgarritasun falta dute, publikoa minoritarioa delako, eta hedabideek askotan ez dietelako tarterik eskaintzen. Ez komunikabideek, ezta lagundu beharko luketen instituzioek edo erakundeek ere. Durangok, abenduko zubi horretan, euskal produktuei erreferentzialtasuna ematen die. Irla bat, da bost eguneko irla bat.

Beste gauza bat ere badago: gu urte osoan bulego batean gaude, ordenagailu aurrean, eta kaleko jendearekin harremanik ez dugu izaten. Asko jota, komunikabideekin. Guretzat kristoren esperientzia da han egotea. Erosle batek zer galdetzen dizun, zer zalantza dituen, liburu bat hartu eta zer aurpegi jartzen duen, paso egiten duen edo bost minutu geratzen den begira. Edo autore bat ikusten duenean zer feedback duen, ea lotsatu egiten den... Hori bost egunetan ikusten dugu; urtean zehar ez dugu halakorik. Garrantzia dute herri mailan egiten diren beste azokek, baina honek beste dimentsio bat du.

Gero, Durangoren isla izaten dira hurrengo asteak eta Gabonak. Jarraikortasun bat izaten du. Durangon badu jendeak oparitzeko liburuak erosteko ohitura; edo batzuk hor ikusi eta gero liburu dendetan erosten dituzte.

Ohiturak ikaragarri aldatu zaizkigu, mugikorrarekin, tabletarekin. Irakurtzen dugu ikaragarri, baina ez liburu oso bat; Interneteko artikulu zati batzuk irakurtzen ditugu, sare sozialetako edukiak

Gakoa izango da hor erosten duenak urte osoan zehar ere erostea, ezta?

Lehen normala zen pertsona batek bi, hiru, lau liburu erostea. Orain jaitsi da, eta bat edo bi erosten ditu. Asko aldatu da irakurlearen figura. Agian izango da urte osoan irakurtzen duelako. Badaude datuak diotenak urtean hamar bat liburu irakurtzen dituela jendeak. Ez da idealena, gehiago izan beharko luke, baina hori da media. Ohiturak ikaragarri aldatu zaizkigu, mugikorrarekin, tabletarekin. Irakurtzen dugu ikaragarri, baina ez liburu oso bat; Interneteko artikulu zati batzuk irakurtzen ditugu, sare sozialetako edukiak. Mundu digitalarekin zer gertatu zaigu: lehen jendeak asko zekien gai bati buruz, edo gai batzuez, eta orain jendeak gutxi daki gai askori buruz. Jendeak titularra daki, baina atzetik dagoena ez.

Euskal kulturako izen handiek Durangoko garaian aurkezten dituzte lan berriak. Aurten, ezohiko egoera honekin, berdin jokatuko dute? Edo garai hoberen baterako utziko dute?

Dudak izan genituen argitaletxe guztiok. Ez genekien zer ikusgarritasun izango genuen, merkatuak nola jokatuko zuen, zer salmenta izango diren... Urte hasierako plan editoriala mantendu dugu, ehuneko txiki batean jaitsita. Aurtengo Durangon ere autore esanguratsuen obrak izango dira. Nik ez dut uste jendeak idazteari utzi dionik, edo, behintzat, bere originala ez du utzi hurrengo urterako. Argitaletxeok ere ez. Apustua aurtengorako egin dugu.

Argitaletxeei bakarrik ez, egoera zail honek eragingo die artista beraiei ekonomikoki.

Liburugintzan ez dago profesional-profesionalik horretara bakarrik dedikatzen denik. Batzuk badaude idaztetik bizi direnak, baina liburuak idazteaz gain, ez dakit, telebistako gidoiak ere idazten dituzte, hitzaldiak ematen dituzte, komunikabideetan zutabeak idazten dituzte... Musikan bai, musikan pandemiak eragin handia izan du; musikariei, eta haien inguruan mugitzen diren guztiei, eragin die pandemiak.

Musikaren kasuan beste gauza bat gertatzen da. Durangok balio izaten du disko fisikoak, CDak, argitaratzeko. Badakizu han salduko direla, baina irla hori desagertzen denean oso gutxik erosten dituzte CDak. Biniloak, bestalde, badu urte osoko bidea; biniloak urte osoan erosten ditu jendeak. Bestela streaming bidez entzuten da orain musikak. Pentsatzen dut musikariek, taldeek, aterako dituztela diskoak formatu fisikoan, baina disko hori lehen lotuta egoten zen sinadurarekin, kontzertuarekin. Horri guztiari proiektua deitzen zitzaion, eta diskoa bera proiektu horren zati bat zen. Musikan badago jendea musikatik bizi dena, baina diskoak saltzetik baino gehiago, kontzertuetatik bizi dira. Hor bai, kolpe handia egon da pandemiarekin. 

Elkar, gure mikrokosmos honetan, handia da bere txikitasunean. Zuen kasuan agian ez, baina izango dira pandemia honen ondorioz gaizki pasako duten argitaletxeak. Uste duzu bateren bat desagertuko dela?

Ez dakit, baina nik uste bakarren bat eroriko dela, eta gaizki bat baino gehiago ibiliko da. Batzuk eusten ari diren bezala, batzuek sufrituko dute. Eta eusteko kapazitatea duenak jarraituko du, baina gaitasun hori ez duenarentzat zaila izango da. Jarraitu arren, dena lotuta doa egiten den inbertsioarekin eta jasotzen den diruarekin. Argitaletxe batek erabaki dezake sei edo zortzi liburu atera beharrean, lau bakarrik ateratzea, edo hiru. Gutxiago jasoko dute, baina gastuak ere txikiagoak izango dira.

Zer dakar pandemia honek euskal kulturarentzat? Urte hasieran ez zenuten pentsatu ere egingo hau gertatuko zela...

Ez, ez. Erabat deskolokatu gaitu, eta auskalo zenbat hipotesi egin ditugun. Urte hasierako planak aldatuko ditugu? Mantenduko ditugu? Jaitsiko ditugu? Zenbat? Noiz? Zertxobait jaitsi dugu, baina gutxi. Kopuruak esateagatik, % 5 edo % 10 jaitsiko genuen. Urtean 50 bat titulu ateratzen baditugu, 45 atera ditugu aurten. Saiatu gara mantentzen.

Nik uste instituzioek beraiek ez dakitela ondo neurtzen zenbaterainoko ondorioak izan dituen pandemiak kultura munduan, zenbateraino lagundu behar duten, eta, esango nuke, non lagundu behar duten

Pandemiaren lehen olatuan, udaberrian, kulturak izan zuen presentzia handia; bigarren olatu honetan, ostalaritzarekin batera, paganoetako bat bihurtu dela dirudi.

Gitarra hartu eta pertsona bat balkoira ateratzen bada, horrek kristoren efektua sortzen du; jendearengana iristen da, eta jendeak hori estimatzen du, egoera horretan bizipoza sortzen du eta. Bigarren fasean ez da hori gertatu. Ez dakit jendea ere nola dagoen animikoki. Erakundeei dagokienez, nik uste instituzioek beraiek ez dakitela ondo neurtzen zenbaterainoko ondorioak izan dituen pandemiak kultura munduan, zenbateraino lagundu behar duten, eta, esango nuke, non lagundu behar duten. Baina garbi dago lagundu behar dutela. Erakunde bati tokatzen zaio laguntza hori ematea.

Kultur sailburuak berak esan zuen ez zuela egokia ikusten kultur arloari laguntza berezia ematea.

Eta gero esan zuen kulturako sektore guztiekin bilduko zela. Lehen esan duguna, musikaren sektorea bizitzen ari den kaltea nabarmena da. Hor mugitzen ari den jende guztia sufritzen ari da. Euskal kulturak beti behar du laguntza eta beti beharko du, minorizatutako hizkuntza batean ari garelako lanean. Erakundeek hori badakite, baina gehiago lagundu behar dute. Eurek badute errespontsabilitate hori.

Egunen batean pandemia hau pasatzen denean, aurretik genuen egoerara itzuliko gara, edo dena desberdina izango da kultura munduan?

Bada, ez dakit erantzuten, baina tokatzen zaigu lan egitea aurreko egoerara ahalik eta gehien hurreratzeko. Beti ibili gara justu, inoiz ez gara ibili aparraren gainean. Beraz hor ibili garenoi tokatzen zaigu borrokan jarraitzea. Ez dakit neurtzen zer gertatuko den, edo zer ondorio izango dituen. Liburuak jarraituko du, eta musikaren kasuan beste debate bat dago. Liburugintzak jarraituko du, eta guri tokatzen zaigu jarraitzea borroka horretan. Pandemiagatik baino beste faktore batzuengatik ari dira aldatzen irakurketa ohiturak. Lehen aipatu ditugun leiho horiek daude hor, mundu digitala. Beste korronte edo beste toki batzuetatik datozen ekintzak dira.

Eta zein izan daiteke euskal kulturaren erronka mundu berri horretan?

Ikusgarritasuna bilatzen jarraitu behar dugu. Ez bagaituzte ikusten, pentsa dezakete ez dugula existitzen. Baina jarraitu behar dugu, existitzen dugulako eta existituko dugulako. Merkatua elikatzen jarraitu behar dugu. Hor badago egileen eta irakurleen arteko lotura bat, eta lotura hori egunen batean hausten bada, gero berriro martxan jartzea ikaragarri kostatuko da. Pandemiagatik hilabete eta erdian liburu dendak itxita egon dira, baina gero buelta eman diogu, odola berriro zirkulatzen hasi da, eta hori inportantea da.