Asteburuko arraun jardunaldiak, bertan behera

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 24a, 10:00

Berez, distantzia luzeko aulki mugikorreko Gipuzkoako txapelketa jokatu behar zuten gaur, baina Gipuzkoako Arraun Federakundeak lehiaketa bertan behera uztea erabaki du "aho batez eta pena handiz", "osasun publikoa bermatze aldera".

Gaur, igandea, ez da jokatuko distantzia luzeko aulki mugikorreko txapelketarik Gipuzkoan. Hala jakinarazi zuen ostiralean ohar bidez Gipuzkoako Arraun Federakundeak, "COVID-19ak gure lurraldean izan duen bilakaera aintzat hartuta, eta osasun publikoa bermatze aldera".

Federazioak azaldu zuen erabakia "aho batez eta pena handiz" hartu dutela, eta "goraipatu" nahi izan dute "klub eta kirolari guztiek egindako lana, momentu zailak badira ere, garai hobeak iritsiko direlako".

Hain zuzen, ostiralean bertan jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak astelehenetik aurrera neurri gogorragoak egongo direla indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; besteak beste, udalerri guztiak itxiko dituzte, eta ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu, ez eremu pribatuan, ez publikoan.