Aintzane Pujanaren hilketaren aurkako elkarteratzea, bideoan

Julen Imaz 2021ko urt. 23a, 20:13

 'Aski da! Aintzane gogoan' lelopean, dozenaka herritarrek egin dute bat Zumaiako deialdiarekin. Eskualdean zehar ere elkarteratzeak egin dira. 

Urtarrilaren 4an agertu zen Aizarnazabalen Aintzane Pujana 32 urteko donostiarraren gorpua, indarkeria zantzuekin. Hilaren 12an bi lagun atxilotu zituzten, eta joan den ostiralaz geroztik espetxeratuta daude horiek, hilketa egotzita.

Hilketa salatzeko, elkarteratzeak egin dituzte eskualdeko zenbait herritan, tartean Zumaian. Dozenaka herritarrek egin dute bat tokian tokiko deialdiekin, eta “gogor” gaitzetsi dute hilketa matxista, baita Zumaian ere. 

Hain zuzen, bi atxilotuak bikotea dira: 24 urte ditu gizonezkoak eta 23 emakumezkoak, eta hilketaz gain Pujana legez kanpo atxikitzea eta sexualki esplotatzea egotzi zaie. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean bizi ziren joan den azaroaz geroztik, eta haiekin bizi zen Pujana ere. Ertzainek uste dute hilketa “urtarrilaren 2ko goizaldeko lehen orduetan” gertatu zela, eta biktimaren gorpua hil berritan eraman zutela handik bi egunera langile batzuek aurkitu zuten tokira.