Beste hiru positibo izan ziren atzo Zumaian, baina tasak beherantz jarraitzen du

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 22a, 13:22

Osakidetzak emandako datuen arabera beste hiru positibo izan ziren atzo Zumaian. Herriak oraindik eremu gorrian jarraitzen du, baina beste egun batez beherantz jarraitu du intzidentzia tasak. 

34 kasu baieztatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdean. Horietatik hiru Zumaian eman ziren. 26 izan dira astebeteko epean Zumaian detektatu dituzten kasuak. Eremu gorrian jarraitzen du herriak, baina apurka bada ere 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak behera egin du beste egun batez. Atzoko tasa 742,85ekoa zen, bezperan baino 31 puntu txikiagoa. 

Eskualdeko positiboen artean kasu gehien Azpeitian izan zituzten; hamahiru hain zuzen ere. Asteartean sartu zen Azpeitia eremu gorrian, egun bakarrean 21 kasu baieztatu ondoren. Zazpi eguneko epean 81 kasu izan dituzte Urola erdiko herrian, eta ondorioz gorantz egin du 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak. Atzokoari dagokionez, intzidentzia tasa 716,16an zegoen. bezperan bainoo 66 puntu handiagoa. Gaurtik itxita dago herria, eta justifikatutako arrazoiengatik ez bada, ezingo da Azpeitian sartu edo herritik atera.

Eskualdeko intzidentzia tasa handiena, ordea, Oriok du. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 750,16ra igo da; bezperan baino 33 puntu handiagoa da kopurua Orion. Zumaian, berriz, apurka bada ere, beherantz egin du intzidentzia tasak. 742,85ko tasa zuen atzo herriak, bezperan baino 31 puntu gutxiago. Atzo beste hiru kasu ezagutu zituzten herrian.

Gaurtik itxita dagoen beste herri bat Zestoa da, 500eko langa igaro ondoren. Atzo beste bi positibo izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,65ekoa du une honetan, asteazkenekoa baino 50 puntu handiagoa. Azkoitian eta Zarautzen seina kasu detektatu zituzten atzo, eta eremu horian jarraitzen du kostako herriak. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo positiborik izan.

Ia 1.500 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko datuak ere kezkatzeko modukoak dira. 1.445 positibo detektatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbidek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.154 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.139 positiboak izan ziren. Positibotasun tasa %8,7koa izan zen hiru lurralde hauetan. Araban 174 kasu izan zituzten, 639 Bizkaian eta 319 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpokoak diren zazpi lagunek ere positibo eman zuten.

Ospitaleratutako pertsonen kopuruak ere gorantz egin zuen atzo; beste 109 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan; ZIUn, berriz, 77 lagun zeuden atzo, bezperan baino zazpi gutxiago.

Nafarroan positiboen hazkunde handia izan zuten atzo: 305 positibo detektatu zituzten egindako 3.469 probatan. Positibotasun tasa %8,8koa izan zen atzo lurralde honetan.