Liher taldeak kontzertua emango du gaur Zumaiena aretoan

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 22a, 12:10

Lide Hernando abeslaria buru duen Liher taldeak kontzertua emango du gaur Zumaiena ikastetxeko aretoan. Beste bat! zikloaren barruan kokatzen da emanaldi hau, eta 19:00etan hasiko da. Sarrerak salgai izango dira turismo bulegoan 18:00ak arte.

Kultur arloa indartzeko helburuarekin sortutako Beste bat! zikloaren barruan bertsoen eta flamenkoaren arteko uztartzea, eta Mikel Laboaren errepertorioaren gainean egindako jazz moldaketak entzun dira abenduaren amaieratik aurrera Zumaian. Gaur rockak hartu du protagonismoa, Liher laukoteak Zumaienako aretoan emango duen kontzertuarekin. 

Lide Hernando abeslari eta gitarristaren bueltan sortutako proiektua da Liher. 2015. urtean sortutako taldea, eta egun Iñigo Etxarri (gitarra, koroak), Joshka Natke (baxua, koroak) eta Ander Berzosa (batería) biltzen dira Liher izenaren azpian. Hiru disko atera ditu urte hauetan, horietatik azken iaz plazaratutako Hemen herensugeak daude. "14 abestiz osatutako transmedia proiektua da, musika ez ezik ilustrazioa, narrazioa eta ikus-entzuneko materiala biltzen dituena. Pieza guzti horien baturak amodioa, bortizkeria eta emakumearen bakardadea gai nagusi dituen fikziozko istorio bat kontatuko digute", dio taldeak disko honen inguruan. 

Kontzerturako sarrerak turismo bulegoan daude salgai, 5 euroan. 18:00ak arte egongo da sarrerak erosteko aukera, eta antolakuntzatik esan dutenez, aretoan bertan ez dira salgai jarriko.