Koronabirusa, Gabon jaien atarian

Erabiltzailearen aurpegia Felix Zubia 2021ko urt. 22a, 08:07

Ez dugu berehalakoan ahaztuko 2020. urte hau. Asko uste ez genuela, izurrite bat iritsi zitzaigun, eta hemen daukagu apopilo, noiz joango den argi ez dugula, nahiz txertoek itxaropena zabaldu diguten.

Ezer ez genekiela harrapatu gintuen birusak martxoan. Ez genekien ondo nola kutsatzen zen, zer kalte eragiten zituen, ezta nola tratatu ere. Dena ez zaigu argitu, baina gauza asko badakizkigu, behintzat. Norbanakoaren aldetik, ez da gaixotasun larria. Orokorrean hartuta, hilkortasuna % 1aren azpitik dago, eta 80 urtetik aurrera, talderik txarrenean ere, % 20aren azpitik dago. Talde moduan baina, jendarte moduan, oso arriskutsua da. Pertsona askok eta askok sintomarik gabe edo oso forma arinean izaten dute gaitza, baina kutsakorrak izaten jarraitzen dute, eta oharkabean jende asko kutsatzen dute. Osasun sistemak gainezka egiten du, ospitaleratzeko oheak betetzen direlako. Esate baterako, unerik txarrenean, eguneko 90 ospitaleratze baino gehiago izan ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan. Donostia Unibertsitate Ospitaleak, adibidez, 1.000 ohe inguru ditu, eta dozena bat egunetan ospitale oso bat beteko litzateke. Zainketa Intentsiboen Unitateak egun gutxitan betetzen dira, eta gaixorik larrienak, bai koronabirusa dutenak, bai bestelakoak (auto istripuak izandakoak, bihotzekoak, pneumonia larriak, arritmiak…), zaintzeko aukerarik gabe utzi. Eragiten duen heriotza kopurua ere izugarria da, 3.700 baino gehiago dira Hego Euskal Herrian. Astebetean heriotza gehiago eragiten ditu urte guztian trafikoko istripuek baino.

Egoera horri aurre egiteko, ezinbestekoa da transmisio katea etetea. Udaberrian garrantzi handia ematen zitzaion esku eta objektuen garbitasunari, baina ikusi da gauzen bidezko transmisioa oso zaila dela. Antzeko zerbait gertatu da haurrekin ere. Kutsatze iturri handia zirela pentsatzen zen hasieran, eta gero ikusi da kutsakortasun baxua dutela. Halaber, ikusi da toki itxietan pasatzen dugun denborak eta bertan pilatzen den pertsonen kopuruak garrantzi handia duela, musukorik gabe bagaude, batez ere. Gela itxi batean bagaude, eta ondo egurastua ez badago, birusa ez da lurrera erortzen, baizik eta airean mantentzen da. Horrela, metro askotara hedatu liteke birusa, batez ere musukorik gabe bagaude. Kutsatze katerik handienak elkarrekin bizi ez diren jende asko toki itxietan pilatzean gertatzen dira, bereziki jan eta edateko musukorik gabe bagaude. Edo kantuan edo oihuka ari bagara. Horrelako egoerak bi tokitan ematen dira bereziki: gure etxeetan eta ostalaritzan.

Badakigu Gabon jaietan gauza ederra dela lagun eta senideekin biltzea. Duen arriskua ezagututa, maitasun eta adiskidetasun seinalerik handiena elkarrekin ez biltzea da. Txertoak, edo txertoek hobeto esanda, konponduko digute egoera. Horretarako hilabete batzuk behar ditugu, ordea, eta bitarte horretan neurriekin jarraitu beharra daukagu. “Niño Jesusen eskia!”, esaten genuen umetan, Zumaiara joanda Gabon egunean, poltsa pasatzen genuenean. Eskea egitera nator berriz ere, baina ez dirua noski. Ez gaitezen talde handitan bildu, eta ez gaitezen etxe ezberdinetan bizi garenak bazkaltzeko edo afaltzeko elkartu. Denon onerako.