53 herritarrek jasoko dute alokairurako laguntza

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 20a, 12:13

Alokairu laguntzen oinarrietan aldaketak sartu ondoren, eskatzaileen eta onartutako eskaeren hazkundea izan dela nabarmendu du Zumaiako Udalak. 

Iaz 73 lagunek egin zuten alokairurako dirulaguntza eskaera, eta horietatik 53k jasoko dute laguntza, udalak jakitera eman duenez. Aurrekontuetan aurreikusitako 80.000 euroko diru-partida osoa erabiliko dela azaldu du udalak. "Diru-sarrerak, alokairuaren prezioa eta bestelako baldintzak kontutan hartuta, hilabete bakoitzeko 150 eurora arteko (urtean 1.800 euro) dirulaguntza dagokie hartzaileei". 

2017an hasi zen Zumaiako Udala laguntza hauek ematen. Lehen urte hartan hemezortzi eskaera jaso ziren, eta hamahiru onartu ziren. 2018an onartutakoen jaitsiera txiki bat izan zen –hamabi onartu ziren eta bederatziri ezezkoa eman zitzaion–, baina 2019tik aurrera gorantz egin du eskatzaileen kopurua. Adibide moduan, aipatu 2020ko deialdian aurreko urteko datuak bikoiztu zirela: 33 eskaera izan ziren 2019an, eta 73 hurrengo urtean, 2020an. 

Udalak emandako datuen arabera, 18 eta 35 urte bitartekoen kasuan 50 eskaera izan ziren iaz; horietatik 41 onartu dira, eta bederatzi baztertu. 35 urtetik gorakoei dagokionean, 23 eskaera egon ziren; hamabi onartu dira, eta 11 baztertu. Bi taldeak kontutan hartuta 73 eskaera egon dira, eta horietako 53ri onartu zaie laguntza.

2020ko deialdiko baldintzetan aldaketak sartu zituen udalak. Moldaketa horri esker, 35 urtetik gorako zumaiarrek ere bazuten dirulaguntza eskatzeko eskubidea. Udal gobernuaren ustetan, aldaketa horrek eragina izan du eskaeren hazkundean. 

Emaitzarekin pozik da udal gobernua, eta alokairuaren sustapenerako bestelako neurriak aztertzen ari dela ere nabarmendu du.