Hondakinen bilketa gune batzuetan aldaketak egingo ditu udalak

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 19a, 17:53

Herritar batzuk kexu agertu dira hondakinen edukiontzi gune batzuen kokalekuengatik. Kexa horiek kontuan hartu, eta behin Urola Kostako Udal Elkartearen Hondakinen Bilketa Zerbitzuarekin gaia aztertu ondoren, bilketa gune horietan aldaketak egitea adostu dute Zumaiako Udalak eta Udal Elkarteak. 

Herriko hiru gunetan egingo dira aldaketak hasiera batean. Bonifacio Etxegaraiko aldapa eta San Jose kalearen bidegurutzean dagoen bilketa gunea han dauden etxebizitzetako atarietatik aldenduko dute, eta gune horretako ontzi arinen edukiontzia Foruen plazara mugituko da (azoka parera), gaur egun beiraren edukiontzia dagoen gunearen ondoan jartzeko.

Ardantzabiden, alde zaharrera eramaten duen eskaileren eta rokodromoaren artean dagoen edukiontzien gunea lekuz aldatuko dute, eta hango lau edukiontzi Ardantzabide kalearen hasierako plazatxora mugituko da. Beiraren edukiontziak orain arteko lekuan segiko duela azaldu du Udalak. 

Bidasoa kalean, berriz, Txikixa tabernaren parean kokatutako bilketa-gunean espaloi gainean kokatuta dauden edukiontziak bakarrik mantenduko dira, eta beira eta ontzi arinen edukiontziak kendu egingo dira (aparkalekuetan kokatutakoak). Metro batzuk haruntzako, Bidasoa eta Juan Belmonte kaleen arteko bidegurutzean kokatutako edukiontziak nahiko direla aurreikusi dute udalak eta mankomunitateak; baina beharrezkoa izanez gero, Bidasoa kaleko bilketa-gunea berriko ere indartuko dutela iragarri dute. 

Bilketa gune hauetako aldaketak Urola Kostako Udal Elkarteko langileek aldatuko dituztela azaldu du udalak. 

Aita Mari auzuneko gunea Bestalde, hiru gune horietan egingo diren aldaketez gain, Zumaiako Udala eta udal elkartea Aita Mari auzuneko bilketa guneen azterketa egiten ari direla iragarri dute, «irtenbide egokiena topatzeko».

Udalak azpimarratu du hondakin handiak biltzeko eguna osteguna dela, eta debekatuta dagoela gainontzeko egunetan halakoak kalean uztea.