Zozkatu ditugu Liherren kontzerturako sarrerak

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 17a, 10:23

Liher laukoteak kontzertua emango du datorren ostiralean, hilaren 22an, Zumaiena aretoan, Beste bat! zikloaren barruan. Emanaldia 19:00etan hasiko da.

Udaleko Kultura Sailak hiru sarrera bikoitz (hiru lagunentzako bina sarrera) eman dizkigu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko. Saridunak Idurre Lazkano Zubizarreta, Imanol Urbieta Jabi Gonzalez Toston dira. Zorionak. Sarrerak astelehenetik aurrera jaso ahal izango dira Alondegia kultur etxeko bulegoetan. 

Kontzerturako sarrerak salgai daude atzotik turismo bulegoan, 5 euroan. 

Lide Hernando kantariaren inguruan eraturiko taldea da Liher, eta joan den urtean atera zuen bere azken diskoa, hirugarrena, Hemen herensugeak daude izenekoa. Hamalau abesti bildu dituzte disko horretan, eta taldeak dioenez, musika ez ezik ilustrazioa, narrazioa eta ikusentzuneko materiala bildu dituzte lan horretan. "Amodioa, bortizkeria eta emakumearen bakardadea gai nagusi dituen fikziozko istorio bat kontatzen du diskoak", beren hitzetan.

Hernandorekin batera osatzen dute taldea Iñigo Etxarrik –gitarra, koroak, perkusioa–, Joshka Natkek –baxua, koroak– eta Ander Berzosak –bateria–.