Erronka hasita, Zumaiatik igaro da Mikel Lizarralde

Julene Frantzesena 2021ko urt. 16a, 12:26

Esklerosi anizkoitza du eibartarrak, eta gaitzaren ikerketarako dirua biltzeko Gipuzkoako 89 herri lotzen ari da bizikletaz. Hiruzpalau astean bukatuko du erronka; Urola Kostako herrietatik igaro da dagoeneko.

2018an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Mikel Lizarralde eibartarrari, eta erronka bidez ari da erantzuten gaitzari. Izan ere, gaitzaren alde dirua biltzeko, Gipuzkoako 89 herri bizikletaz ari da lotzen Codesyntax enpresako marketin arduraduna. Asteartean eta ostegunean Urola Kostako herrietan izan zen, eta herri batera iristen den aldiro egiten duen moduan, argazkia atera zituen horietan. Hirugarren eta laugarren etapetan bizi izan zituenak honako lotura honetan irakur daitezke.

Orotara 600 bat kilometro egingo ditu, “bideaz gozatuz eta presarik gabe”, eta Gipuzkoako herri guztiak hiruzpalau astetan zeharkatzea aurreikusten du eibartarrak. Bildutako dirua Biodonostiari emango dio, esklerosi anizkoitzaren alde lanean jarrai dezan. Lizarralderen erronkaren gaineko informazio guztia haren Twitterreko @macmikel kontuan eskura daiteke, baita Bizi.eus webgunean ere.