%9ko langabezia tasarekin amaitu da 2020 urtea

Andoni Elduaien 2021ko urt. 15a, 10:54

Langabezia tasa %9an kokatu zen urtearen amaieran Zumaian. Eskualdeko kopurua zertxobait handiagoa da: %9,8koa. Langabeen erdiak baino gehiago dira emakumeak.

Eskualdeko beste herrietan gertatu bezala, langabeziak gora egin du Zumaian ere pasa den urtean. %9ko langabezia tasarekin amaitu da 2020. urtea, azaroan izandako tasa baino lau hamarren gehiagorekin. Urte amaieran 438 pertsona zeuden langabeziako zerrendetan herrian. Horietatik erdia baino gehiago –256 lagun– emakumezkoak ziren; beste 182ak gizonezkoak. 

Eskualdeko langabezia tasa Gipuzkoakoakoren (%9,6) gainetik dago, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%12,1) azpitik. Halere, nola Gipuzkoako tasak hala Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak behera egin dute. Urola Kosta eskualdean, berriz, langabezia tasa %9,8an dago.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, abenduaren amaieran 3.275 lagun zeuden lanik gabe Urola Kostan, azaroan baino 21 gutxiago. Langabe horiek guztietatik 1.467 gizonezkoak ziren, eta 1.808 emakumezkoak. Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, berriz, langabe gehien zeuden adin tarteak ziren 25 eta 44 urtekoak eta 45 urtetik gorakoak. Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek, eta zerbitzuen sektorea da herriz guztietan langabe kopuru gehien dituen eremua.

%13,2ko tasarekin, Aizarnazabal da eskualdeko tasatik gora dagoen Urola Kostako herri bakarra. Haren ostean tasa handiena duten Urola Kostako herriak dira Zestoa (%9,3) eta Orio (%9,2). Azkoitia, Azpeitia, Getaria eta Zarautz ez beste herri herri gehienetan egin du gora; Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen tasa berdin mantendu da azarotik. Langabe kopuruak, halere, behera egin du eskualdean.

Herriz herriko tasak

  • Aia %6,2 (%6,1 azaroan)
  • Aizarnazabal %13,2 (azaroko berdina)
  • Azkoitia %9,1 (%9,6)
  • Azpeitia %8,8 (%9)
  • Beizama %8,5 (azaroko berdina)
  • Errezil %5,7 (azaroko berdina)
  • Getaria %6,7 (%6,8)
  • Orio %9,2 (%9 azaroan)
  • Zarautz %8,4 (%8,6 azaroan)
  • Zestoa %9,3 (%8,6 azaroan)
  • Zumaia %9 (%8,6 azaroan)