Denbora eta gaixotasunaren arteko harremana dokumental bihurtuta

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 14a, 17:10
BegoƱa Arruti. Argazkia: utzitakoa

Yereguitarren erlojugintza eta gaixotasuna aurrez aurre jartzen ditu urtarrilaren 21ean Zumaian erakutsiko duen Lanbroa dokumentalak. Gonbidapenak larunbatetik eskura daitezke, Turismo Bulegoan

Denbora eta gaixotasunaren arteko harremana oinarri hartuta sortu dute Lanbroa dokumentala Ana Sernak, Paula Iglesiasek eta Maialen Oleagak. Urtarrilaren 21ean erakutsiko dute Zumaian, 19:00etan, Aita Mari zineman –beste saio bat izango da etzi, igandea, Usurbilen–. 

Duela lau urte jarri zen Serna harremanetan Xabier Alvarez Yeregui zumaiarrarekin. Alvarezen arabera, Sernak aspalditik zuen denboraren inguruan laburmetrai bat egiteko ideia; yereguitarrak, berriz, familia erlojugilea izan dira. Santa Engraziko erlojua zaharberritzen ari zen orduan Alvarez, eta Sernarekin batera proiektu bat abiarazi zuen, Erlojua eta kukua izenekoa. "Kukuak zentzu berezia du. Maiatzean agertzen da, eta sinbologia berezia du. Beti egon da ordulariarekin lotuta", dio Alvarezek. Santa Engraziko erlojua zaharberritzen amaitzean, ekitaldi bat egin zuten. "Bertan izan ziren Arri Osa, Alex Oliden, Arantxa Urkidi eta Iñaki Unanue trikitilariak, eta baita Inpernupeko joaldunak ere. Erromeria bat egin genuen erlojua zegokion lekura itzultzeko. Juan Luis Blancok eta Ander Ormazurik txalaparta jo zuten, eta Itxaso Lopetegik aurreskua egin", azaldu du Alvarezek. Hori guztia bideoan jaso zuten dokumentalaren egileek. 

Denbora, memoria historikoa eta erlojugintza dira dokumentalak ukitzen dituen gaietako batzuk. Hala eta guztiz ere, Alvarezek aipatutakoaren arabera, "dokumentalaren laurden bat soilik" mintzo da gai horietaz. Alvarezen emazte Begoña Arrutik bi aldiz gainditu du minbizia, eta gaixotasunaren gaia denborarenarekin eta erlojugintzarenarekin jarri dituzte aurrez aurre ikus-entzunezkoan. Duela bi urte erabaki zuten egileek dokumentala Arrutiren bizipenetan zentratzea.  "Gaixotasunaren inguruan ari da, batez ere, dokumentala. Nola bizi duen minbizia emakume batek eta nola gainditzen duen, hain zuzen ere", dio Alvarezek. 

Hori guztia azaltzeko "irudi gogorrak" erabili dituzte, Alvarezen hitzetan. Arrutik momentu horretan igarotako sufrimendua azaldu nahi izan dute irudi horien bitartez. Maite Arroitajauregi  –Mursego izen artistikoaz ezagunagoa–  arduratu da ikus-entzunezkorako musika sortzeaz; Alvarezek azaldu du hileta-elizkizunetako doinuak iradokitzen dituela Arroitajauregiren musikak. 

Gonbidapenak bihartik

Urtarrilaren 21ean Zumaian egingo den estreinaldirako gonbidapenak bihar, larunbata, jarriko dituzte eskuragai, Turismo Bulegoan (943-14 33 96). Pertsona bakoitzak bi gonbidapen hartu ahal izango ditu. 

Gainera, Alvarezek jakinarazi du estreinaldiez gain, sare sozialetan eta internet bidez ere izango dela Lanbroa dokumentala ikusteko aukera.