Beste 11 positiborekin, kasu metatuen tasa 783ra igo da

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 13a, 13:58

Beste 11 positibo zenbatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zumaian. Horren ondorioz, kasu metatuen tasa 783ra igo da eta eremu gorrian jarraitzen du herriak.

Koronabirusa atzemateko 14.649 proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta emaitzak argitaratu ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Herenegungo datu berdinak izan ziren atzokoan Urola Kostan: guztira, 26 kasu positibo zenbatu zituzten. Eskualdeko herri batean dago piztuta semaforoko argi gorria, Zumaian, eta hiru dira eremu laranja; hain zuzen, Azkoitia, Azpeitia eta Orio. Zarautz, aldiz, eremu horia da oraindik.

Herenegungo datuekin alderatuta, Zumaian berriz egin du gora atzemandako positiboen kopuruak. 11 pertsonak eman zuten positibo atzoko probetan, eta 800eko langatik gertu kokatu da intzidentzia tasa: 783,56koa da une honetan –712, 32koa zen atzo eta 681,80koa herenegun–. Azkeneko zazpi egunetan 40 kasu izan dituzte Zumaian; gaur sartu dira indarrean LABI aholkularitza batzordeak astelehenean erabakitako neurri berriak, eta eremu gorria izanik, Zumaian debekatuta egongo lirateke sarrerak eta irteerak ostiraletik aurrera.

Azkoitian bost positibo detektatu zituzten atzoko probetan, herenegun baino hiru gutxiago. Dena den, gora egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak: 292,08koa zen atzo, eta 317,12koa da gaur. Orion, aldiz, herenegun baino kasu bat gehiago izan zen atzo, lau positibo zenbatu baitzituzten. Intzidentzia tasak, hortaz, gora egiten jarraitzen du, eta 358,77koa da gaurkoz.

Aizarnazabalen hiru positibo baieztatu zituen atzokoan Osasun Sailak, aurreko bi egunetan baino bi gehiago –kasu bana izan ziren herenegun eta igandean–.

Azpeitian behera egin du positiboen kopuruak; izan ere, bi kasu izan ziren atzo –seina kasu izan ziren astelehenean eta igandean–. Hala, oraingoan jaitsi egin da Azpeitiko intzidentzia tasa, eta atzo 374,51koa baldin bazen, atzoko probetako emaitzak kontuan hartuta, 328,52koa da une honetan.

Getarian kasu positibo bat atzeman zuten atzo, aurreko hiru egunetan kasu bakar bat ere ezagutu gabe egon ostean. Kasu metatuen tasa 247,35ekoa da han. Bestalde, Zarauztik etorri da ezustekoa: atzoko probetan ez zen emaitza positiborik izan. Behera egin du intzidentzia tasak ere, eta 244,14koa da orain. Aian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ere ez zuten positiborik detektatu atzo.

918 positibo Hego Euskal Herrian

Azaroaren 21etik erregistratutako positiboen kopuru altuena izan zen herenegun Hego Euskal Herrian, hain zuzen, 979. Atzo zertxobait egin zuen behera hautemandako positiboen zenbatekoak, 918 izan baitziren: 370 Bizkaian, 237 Gipuzkoan, 183 Nafarroan, 114 Araban eta hamalau beste batzuetan.

Herenegun baino proba gehiago egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –14.000 herenegun eta 14.649 atzo– eta, hala ere, positibo gutxiago detektatu zituzten atzo. Positiboen ehunekoa %6,9koa zen herenegungo datuekin, baina atzoko datuak kontuan hartuta, %5ekoa da gaurkoz.

Atzo 50 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurralde historiko horietan eta, gaur egun, 355 lagun daude Osakidetzan ospitaleratuta. 78 dira horietatik ZIUn daudenak.