Zer egin daiteke eta zer ez gaurtik aurrera?

Andoni Elduaien 2021ko urt. 13a, 09:15

Gaurditik otsailaren lehen egunera bitartean indarrean dira Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hartu dituen neurriak. Astelehenean elkartu zen LABIren aholku batzordea, eta han ezarritako neurriak zein diren jakinarazi zuten atzo, asteartea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hona hemen zer egin daitekeen eta zer ez argitzeko galdera-erantzunak:

Noizko ezarri dute etxeratze agindua?

22:00etatik 06:00etara bitartean, orain arte bezala.

Zenbat pertsona elkartu daitezke une berean?

Gehienez sei pertsona. Kopuru horretatik gorako taldeak ezingo dira elkartu ez espazio publikoetan ezta pribatuetan ere.

Gipuzkoatik atera al naiteke?

Ez, ezingo da Gipuzkoatik atera ezta beste lurralde batean sartu ere. Ezinbesteko jarduerak egiteko atera ahal izango da Gipuzkoatik, hau da, lan egiteko, ikasteko, menpekotasunen bat duten pertsonak, haurrak eta adinduak zaintzeko edota jarduera profesionalak egin ahal izateko. Behar bezala justifikatu beharko dira ekintzak.

Zumaiatik ateratzeik ba al daukat?

Ez. Azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibo baino handiagoa bada, ez.  Debekatuta egongo da Zumaiatik irtetea, baita alboko herrietara joateko ere. Ezinbesteko jarduerak egiteko atera ahal izango da herritik.

Noiz jakingo da zein udalerri itxiko dituzten?

Astelehenero eta ostegunero eguneratuko du Jaurlaritzak itxita egongo diren udalerrien zerrenda.

Noiz arte egongo dira indarrean neurriak?

Bihar sartuko dira indarrean, eta gutxienez hogei egunez iraungo dute, hau da, otsailaren 1era arte.

Ostalaritza irekita egongo al da?

Ez. Eremu gorrian dauden herrietan, berriz, ostalaritzak ateak itxi beharko ditu. Aurrez hitzordua hartuta janari bila pasa daiteke, edota janaria etxera eraman dezakete zerbitzu hori eskaintzen duten establezimenduek. Okindegiek eta kafetegiek zabaldu ahal izango dute, baina eramateko bakarrik zerbitzatu ahal izango dute kafea. .

Saltokietarako zein neurri hartu dituzte?

21:00etarako itxita egon beharko dute saltokiek 150 metro koadro baino gehiago duten saltokien kasuan gehieneko edukiera %40ra murriztu dute edukiera, eta gainerako establezimenduetan, berriz, %60ra murriztuko da. Merkataritza guneen kasuetan, solairu eta denda bakoitzeko gehienezko edukiera %40koa izango da. Saltoki horietako haurrentzako guneak eta atseden guneak itxita egon beharko dira.

Joko eta apustu etxeek ireki ahal izango dute?

Intzidentzia tasa 500etik gorakoa bada, ez.

Kontzertuak ikustera joan al naiteke?

Bai, soilik musikari profesionalen emanaldietara.

Dantza taldeek entseguak egiterik ba al dute?

Bai, izan profesionalak edo ez. Antzerki jardueretarako indarrean dauden baldintza berdinak izango dituzte dantza taldeen entseguek.

Eskola kirola martxan al dago?

Ez. Eremu gorrian dauden herriek ezin izango dute eskola kirolik egin. Gainontzeko herrietan, entrenamenduak sei laguneko taldeetan egin beharko dira, beti taldekide berdinekin osatutako taldeak izango dira horiek, eta ezin izango da aldagelarik erabili. 

Herria eremu gorrian sartzen bada kirola egin al dezaket?

Intzidentzia tasa 500 kasutik gorako herrietan ezingo da taldekako kirol jarduerarik egin, ez entrenamenduak ezta lehiaketak ere. Gimnasioetan antolatutako ikastaroak eta jarduerak –maskararekin–, eta lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan dauden taldeetako kideak entrenatu ahal izango dira taldeka.

Kirol ikuskizunetan publikoa baimenduta al dago?

Ez, debekatuta dago publikoa.