Erosketa bonoak jasoko dituzte 'Zumaia Sasoian' ekimeneko parte-hartzaileek

Baleike 2021ko urt. 12a, 17:09
Landetxeena izan da ibilbide gustukoena. Argazkian, Karakas.

Ehun ibilbide inguru osatu dituzte Zumaia Sasoian egitasmoan parte hartu duten herritarrek.

Jarduera fisikoa sustatzeko eta herritarrak aktibo mantentzeko helburuarekin, Kirol Patronatuak ‘Zumaia Sasoian’ egitasmoa zabaldu du Gabonetan, guztira 13 erronka proposatuz. Erronka horiek Zumaiako eremu ezberdinetatik ibilbideak proposatzen zituzten eta egunean bertan nahiz ondorengoetan egiteko aukera zegoen, bakarka edota bizikidetza unitatean.

Guztira 36 lagunek parte hartu dute egitasmo honetan, 18 emakumezko eta 18 gizonezko, eta ia 100 erronka egin dituzte denetara. Askok erronka bat edo bi egin dituzte, baina badago 12 erronka ezberdin egin dituen pertsona bat. Gehien aukeratu diren erronkak hauek izan dira: #4# Landetxeak (24 lagunek egin dute), #2# Estropadak (18 lagunek) eta #3# Baserriak (12 lagunek).

Zumaian erroldatuta dauden guztiek lortu dute herriko komertzioetan erabiltzeko 50 euroko erosketa-bono bana. Bono horiek Lubaki kiroldegiko harreran eskuragarri daude, saridunak bila pasatzeko.