Malen Etxeak eta Zumaiako Udalak akordioa sinatu dute, elkarteari Kofradiako etxebizitza bat uzteko

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 12a, 15:30
Maider Alberdi zinegotzia, Iñaki Ostolaza alkatea, Jessica Guzmán Malen Etxea elkarteko lehendakaria, eta Silvia Carrizo Malen Etxea elkarteko kidea. (Zumaiako Udala)

Urtebeteko iraupena izango du hitzarmenak. Udalak doan utziko dio elkarteari Kofradiako bigarren solairuko etxebizitza bat; elkarteak ordaindu beharko ditu, ordea, erabilerak sor ditzakeen gastuak. Eskualdeko emakume migranteen babeserako gunea izatea nahi dute.

Gaur goizean akordioa sinatu dute udalak eta Malen Etxea elkarteak, Kofradiako bigarren solairuan dagoen etxebizitza bat elkarteari uzteko. Malen Etxeako kideek azaldu dute Urola Kostako emakume migranteen babeserako gunea izango dela.

Jessica Guzman elkarteko lehendakariaren hitzetan, egoera larrian jarri ditu pandemiak etxeko zaintza eremuan lan egiten duten emakumeak: “Migrante izatearen baldintzari lotutako egoera eta kasuistika desberdinengatik, herritar horietako askok ezin dituzte laguntza sozialak jaso, eta gehienak etxeko zerbitzu eta zaintzaren eremuan lan-baldintza kaskarrak dituzte”. Guzmanek gaineratu du asko direla etxebizitzarik eta lanik gabe geratu diren kideak, eta txiki geratu zaiela Zestoako aterpetxea.

Hitzarmena, urtebeterako

Zumaiako Udalak azaldu du Malen Etxeako kideak joan den urtearen erdialdean Urola Kostako herrietan etxebizitza bat alokairuan bilatzeko lanak hasi zituztela, baina ez zutela lortu, "etxebizitza merkatuaren ezaugarriengatik". Zumaiako Udal Gobernuarengana jo zuten orduan, egoerari konponbidea emateko laguntza eske. Maider Alberdi Berdintasun zinegotziak azaldu du aukera ezberdinak aztertu ondoren Kofradiako etxebizitza bat elkartearen beharrei erantzuteko egoki ikusi zutela. Urtebebetako iraupena izango du sinatu duten hitzarmenak, eta doakoa izango da lagapena. Malen Etxeak ordainduko ditu, hala ere, etxebizitzaren erabileragatik sortzen diren gastuak. 

Iñaki Ostolaza alkatea pozik agertu da hitzarmenarekin. Haren hitzetan, gobernura iritsi zirenetik Malen Etxea elkartearekin harremanetan egon dira, emakume migranteek bizi duten egoeraren aurrean udal mailan hartu daitezkeen neurriak aztertzen. Zaintza eremuan lan egiten duten emakume migranteen egoeraren aurrean instituzio desberdinen neurriak eta inplikazioa beharrezkotzat jo ditu alkateak, “neurri zehatz eta txikiez harago, zaintzaren arloan bizi diren problematikak iraultzeko”.