Hamahiru laburmetrai erakutsiko dira bihar IX. Urrezko Pertxa Korto Txapelketaren emanaldian

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 12a, 10:19
Zortzigarren edizioko parte hartzaileen talde argazkia, gaztetxeko emanaldiaren ondoren. (@gaztetxia)

Aita Mariko zine aretoan izango da emanaldia, bihar, asteazkena, 19:00etatik aurrera. Normaltasunaren inguruan hausnartzeko eskatu diete aurtengoan parte hartzaileei, eta telebistako mandoa izan da ikus-entzunezkoan agertu beharreko objektua. 

Urtero bezala, korto txapelketa antolatu dute Gabonen bueltan Torreberri gaztetxeko kideek. Berezia izan da Urrezko Pertxaren bederatzigarren edizioa, koronabirusaren krisialdiak guztiz baldintzatu baitu haren antolaketa eta gaia bera ere.

Antolatzaileen hitzetan, "arraroa" izan da 2020a, eta "bide beretik doan 2021aren aurrean" normaltasunaren inguruan hausnartzeko eskatu diete parte hartzaileei. Hain zuzen ere, zer da normala? galderari erantzun behar izan diote txapelketarako kortoa egin duten hamahiru taldeek. Ikus-entzunezkoan nahitaez agertu beharreko objektua, berriz, itxialdian zenbaiten lagun izandako telebistako mandoa izan da. Gaia eta objektua nahi bezala interpretatu ahal izan dituzte parte hartzaileek, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, ideia originalak ikusi ahal izango dira lanetan.

Aurten lehenago jaso dituzte parte hartzaileen lanak, eta bihar erakutsiko dituzte Aita Mariko zine aretoan, 19:00etan hasita. Antolatzaileek eskatu dute garaiz joateko, emanaldia behar bezala eta denboraz eskaintzeko. Bihartik aurrera Torreberri gaztetxearen YouTubeko kanalean ere ikusi ahal izango dira lanak.