Marliken bigarren diskoa, 2020ko kutunenen artean

Julene Frantzesena 2021ko urt. 9a, 16:00

Rodeo, Ro, Trini Fox, Bulego, Marlik, Anari eta Thalia Zedek, Esti eta Mikel Markez nahiz Eñaut Elorrietaren lanak hautatu dituzte, besteak beste, Badok atarirako 2020ko disko onenen zerrendak gauzatu dituzten hamabi adituek.

Badok atariak 2020ko disko kutunen zerrendak osatu ditu, euskal musika ekoizpena gertutik jarraitzen duten hamabi lagunen ekarpenarekin. Hainbat hedabidetako musika adituek hamabi diskoz osatutako zerrendak egin dituzte, eta hautatutakoen artean dira eskualdeko hainbat musika talderen lanak: Azkoitiko eta Azpeitiko Ro taldearen Athalase, Azkoitiko eta Azpeitiko Trini Fox taldearen Ataraxia, Zestoako Rodeo taldearen Ezherrian, Azkoitiko Bulego taldearen Bulego, Zumaiako Marlik taldearen Azaletik ezabatu baino lehen, Azkoitiko Anari eta Thalia Zedeken cOPAGES #04, Aiako Esti eta Mikel Markezen Azal berritzen eta Getariako bizilagun Eñaut Elorrietaren Irteera argiak.

Hain zuzen ere, Andoni Tolosa Berria egunkariko disko kritikariak, Iker Barandiaran Argia aldizkariko disko kritikariak, Iker Gurrutxaga Naiz irratiko Musikharia saioaren gidariak, Ihintza Orbegozo Berria egunkariko disko kritikariak, Ion Etxebarria Hala Bedi irratiko Hiru Kortxea saioaren kideak, Jaione Dagdrommer Gaztezulo aldizkariko musika kazetariak, Jon Urzelai Badokeko kolaboratzaileak, Julen Idigoras Gaztea irratiko B aldea saioaren gidariak, Koldo Otamedi Hamaika telebistako Musika zuzenean saioaren gidariak, Panpi Merkapide Gure Irratiako Adi saioaren gidariak, Urko Ansa Badokeko kolaboratzaileak eta Xabi Doncel Mondo Sonoro aldizkariko kolaboratzaileak osatu dituzte diskoen zerrendak.

Rodeo taldea hamabi lagun horiek egindako zerrendetako lautan ageri da; Ro hirutan; Anari eta Thalia Zedik bitan; eta banatan Trini Fox, Bulego, Marlik, Esti eta Mikel Markez nahiz Eñaut Elorrieta.