Hilaren 14an berrezarriko dute Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzua

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 8a, 18:30

Azaroaren 24an eten zuten zerbitzua, sei tunelen egiturazko arazoak konpontzeko helburuarekin. Ia bi hilabeteren ondoren berrezarriko dute.

Euskotrenek jakinarazi du urtarrilaren 14an berrezarriko duela Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzua, ibilbideko sei tunel eraberritu ondoren. Azaroaren 24tik egon da zerbitzua etenda, eta ETSk adierazi duenez, lan horien helburu nagusia Santa Katalina, Itxaspe, Atxuribi, Sakoneta I, Sagarbide eta Baiona tunelek dituzten egiturazko arazoak konpontzea izan da.

Guztira, 1,5 milioi euroko kostua izan dute lanek, eta bi hilabeteren epean egin dituzte. Trenbideko instalazioak, komunikazioak, erdi-tentsioko sarea eta katenaria desmuntatzea; harlandua pikatzea eta instalazioak lehengoratzea izan dira egindako lanetako batzuk.