Eremu gorrira pasa da Zumaia

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 8a, 13:21
PCR probak egiten Aitzurin. Argazkia: Gorka Eizagirre

Eskualdean beste 21 positibo izan ziren atzo, Osakidetzaren dauen arabera. Horietatik sei Zumaian izan dira, eta azken egunetako positiboen hazkundearen ondorioz, eremu gorrira pasa da kostaldeko herria. Egoera horretan dagoen Urola Kostako herri bakarra da.

Errege Egunaren bueltako datuak ikusi ondoren hala aurreratu zitekeen, eta hala gertatu da: Zumaia eremu gorrira pasa da atzo beste sei positibo gehitu ondoren. Positiboen hazkunde handia izan da azken egunotan herri honetan –44 kasu azken zazpi egunetan–, eta, ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak 500eko langa igaro du: 539,33ko intzidentzia tasa du gaur egun Zumaiak, eta eremu gorrira pasa da. 

Argi gorria piztu den herrietan neurriak hartu behar izan dituzte. Hala, pasa den urte amaieran Azpeitian eta Azkoitian gertatu izan zen bezala, ostalaritzako establezimenduek ateak itxi behar izan dituzte egoera hobetu arte. Eusko Jaurlaritzaren txostenak adieraziko du zer neurri hartu beharko diren Zumaian, eta noiz.

21 izan ziren atzo eskualdean baieztatutako positiboak. Zumaiako sei kasuez gain, Azkoitian lau positibo izan ziren, Azpeitian eta Aizarnazabalen hiruna; bina Orion eta Zarauzen, eta bat Getarian. Aian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez zuten atzo kasurik izan.

Kasu metatuen tasari dagokionez, Aizarnazabalen gora egin du tasak, eta gaur egun 7.152,15ko intzidentzia tasa du. Atzo bertan egin zuten sei urtetik gorako bizilagunen baheketa herri honetan. 5.000 biztanletik gorako herrietan Zumaia bakarrik dago eremu gorrian; Azkoitiak 183,59ko tasa du, Azpeitiak 348,23koa, Oriok 212koa eta Zarautzek 256,56koa.

Kezka Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du. 717 kasu baieztatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun zerbitzuek. Araban 73 kasu izan ziren, 170 Gipuzkoan, 182 Nafarroan eta 283 Bizkaian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR eta antigenoen 7.503 proba egin zituzten –%7,1eko positibon tasarekin–, eta 2.666 Nafarroan –%6,8ko positibotasun tasa–.

Beste 46 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, eta ZIUn dauden lagunak 71 dira, bezperan baino bat gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez du oraingoz ospitaleratuen daturik eman.